tubos reunidos

Lantegi guztien eta enpleguaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen du ELAk

Lantegi guztien eta enpleguaren bideragarritasuna defendatzen jarraitzen du ELAk
Amurrioko eta Trapagarango batzordeekin interesdunetako batekin egindako bilera aurkezpen hutsa izan da, eta zehaztasunik gabea. ELAk azpimarratzen duenez, gaur egun, Tubos Reunidosen bideragarritasuna bermatzeko oztopo nagusia SEPIren eta Estatuko Abokatutzaren jarrera da.

Azaroaren 5ean, Cap Capitalek bilerak egin ditu Amurrioko eta Trapagarango enpresa batzordeekin. Langraiz Okako batzordearekin aurreikusita zegoen bilera, berriz, interesdunak bertan behera utzi du.

Bileran, Cap Capitalek Amurrioko eta Trapagarango lantegietarako proposatzen duen industria proiektuari buruzko azalpen gutxi eman ditu, Langraiz Okako lantegia ez baitago bere interesen artean. ELAk interesdunaren eskaintza oinarrituko duen Industria Plana eskatu du, baina Cap Capitalek ez du eskaera hori onartu.

Era berean, Cap Capitalek enpleguan eta lan-baldintzetan zenbait doikuntza egitea proposatzen du. ELAren ustez, neurri horiek onartezinak dira, eta ez dute behar bezalako justifikaziorik.

Nolanahi ere, ELAren iritziz, gaur egun, aurkeztutako edozein eskaintzak benetako garapena izan dezan, ezinbestekoa da SEPIren eta Estatuko Abokatutzaren jarrera desblokeatzea.

Zor publiko horren jatorria Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren kudeaketa negargarri eta arduragabea da. ELAk uste du Tubos Reunidoseko administratzaileek zein akziodunek beren jardueren ondorioak beren gain hartu behar dituztela. Horregatik, ELAk konkurtsoa erruduntzat jotzeko ere eskatu du.