Lantokietako presioaren ondorioz Adegik proposamen hobea egin behar izan du

Hona hemen, besteak beste, egindako proposamenak biltzen duena: soldatetan 500 euro linealeko igoera gehi KPI+0,4 hitzarmenak irauten duen urte bakoitzeko (2018-2021). Horrela, 2009tik hona galdu den eros-ahalmena berreskuratuko litzateke.
Lan erreformaren aurkako blindajeei dagokienez, hitzarmena ez aplikatzeko aukera soilik izango da langileekin akordioa badago, eta lan-baldintzak mantendu egingo dira hitzarmena iraungita ere. Hots, hitzarmenaren ultraaktibitatea mugagabea izango da.
Azken urteetan hitzarmena maiz urratu delarik, alde sindikalak proposatu zuen batzorde bat sortzea hura betetzen dela bermatzeko, eta horrek derrigortu egingo luke enpresa nagusiak, promotorak edo herri-administrazioak kaltetutako langileei zuzenean ordaintzera. Adegik gaur lehenengoz onartu du tresna hau sortzea, zeinak hurbildu egingo gintuzkeen enpresek hitzarmena oso-osorik betetzeko helburura.
ELAren iritziz eduki horiek orain testu bihurtu behar dira, Gipuzkoako eraikuntzako lan baldintzak duintze aldera. ELAk datorren astelehenean deituko ditu sektoreko delegatuak proposamenari buruzko iritzia eman dezaten.