PETRONOR

Langileek lanuzteak egingo dituzte martxoaren 10etik 19ra

2023/03/09
Bi asteko negoziazioen ostean eta sei bileren ondoren, Petronorreko zuzendaritzak ez die KPIa bermatu nahi langileei, nahiz eta urtea 470 milioi eurorekin itxi, orain arteko etekinik handiena. Guztira, 200 milioi euro banatu ditu akziodunen artean eta zeukan zorra kitatu du. Bien bitartean, langileek soldatak izoztuta dituzte 2019tik. Gauzak horrela, enpresa batzordeak lanuzteak deitu ditu martxoaren 10etik 19ra.

Erosahalmena galtzeaz gain, enpresak uko egiten dio negoziazioan amortizatutako egitura berritzeari, nahiz eta fabrikako lanpostu kritikoak izan eta beste inon baino aparteko ordu gehiago egiten dituzten bertan: 170.000 baino gehiago azken lau urteetan.

Sindikatuek gaineratu dute Petronorrek egiturazko beharrizanak bete nahi dituela ekoizpenean dauden behin-behineko langileekin, hau da, instalazioen segurtasunarekin zuzenean lotutako sail batekin.

Gainera, ez dute onartzen urteko orduak jaistea eta ez dute onartzen txanda kontratua adostea, nahiz eta manufaktura enpresa izan eta 60-63 urte bitarteko 100 langile inguru dituen.

Kontziliazioari dagokionez, ez dute onartu oinarrizko hobekuntzarik. Era berean, ukatu egin dute kaleratutako lankidea berriz hartzea.

ELAren ustez, hamabost eguneko negoziazioa aprobetxatu du enpresak denbora irabazteko. “Petronor findegiaren ia erdiari eragiten dion geldialdi batean dago murgilduta, eta nahiago dute bake sozialeko giro batean egin”, dio.

Halaber, sindikatuak dio zuzendaritzak grebarako eskubidea urratzen duela. Izan ere, Gobernuak agindutako ministerio aginduek gehiegizko gutxieneko zerbitzuak baimentzen dituzte, eta horiei esker, Petronorrek bere ohiko produkzioari eutsi ahal izango dio. “Hornidura gabezia dagoela diote, baina gezurra da hori, gatazka findegi bakar batean baitago eta, guztira, zortzi findegi daude martxan Espainiako Estatuan”.