INGETEAM POWER TECHNOLOGY ELECTRONICS (ZAMUDIO)

Lehen greba egun jendetsua negoziazioaren blokeoa dela eta

2025/07/15
Greba batzordeak oso balorazio positiboa egin du langileen parte-hartzeari dagokionez, erantzuna masiboa izan baita eta ia erabat gelditu da lantegiko ekoizpena. Mobilizazioek uztailaren 16an (asteazkena) eta 17an (osteguna) jarraituko dute.

Gaur, uztailaren 15ean, hasi da ELA Sindikatuak deitutako hiru greba egunetako lehenengoa Zamudioko Ingeteam Power Technology Electronics enpresan, hitzarmenaren berritze prozesuaren baitan.

Hurrengo egunetan aurrerapenik ematen ez bada, irailetik aurrera mobilizazioak areagotuko dituzte, greba deialdi berriak barne.

Gatazka Zamudion Ingeteam taldeak duen lantegian kokatzen da, eta bertan 143 langile daude. Enpresa batzordea ELAko 6 ordezkarik eta UGTko 3 ordezkarik osatzen dute.

Hainbat bilera egin ondoren, enpresako zuzendaritzak langileen batzarrak planteatutako gutxieneko eskakizunak onartzeari uko egin dio. Eskari nagusien artean daude bidezko soldata igoera eta lanaldiaren murrizketa, lana eta bizitza pertsonala hobeto uztartzeko eta lan baldintza duinagoetara iristeko.

Hori guztia Ingeteamek azken ekitaldietan irabazi errekorrak izan dituen testuinguru batean gertatzen ari da, eta horrek are ulergaitzago egiten du enpresaren jarrera, langileen baldintzak hobetzeko borondate eza erakutsi baitu.

Ingeteameko langileak tinko mantentzen dira lan baldintza justuen aldeko borrokan, eta ez dute baztertzen ekintza gehiago egitea enpresak euren eskari legitimoei entzungor jarraitzen badie.