Bizkaiko Arte Grafikoak

Lehen greba egunak sektoreko erreferentziazko enpresa askoren ekoizpena gelditu du

2024/04/29
Lehen greba egunak ekoizpena gelditu du Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean erreferente diren Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño enpresetan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 4 greba egun deitu zituzten apirilaren 29 eta 30erako, eta maiatzaren 22 eta 23rako. Izan ere, CEBEK sektoreko patronala hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da. Murrizketak planteatzen ditu eta ez ditu aintzat hartzen sindikatuek negoziazio mahaiari helarazitako edukiak. Sektoreko hitzarmena iraungita dago 2011tik, eta sektoreko azken greba 2007an izan zen.

Mobilizazioak 5:30ean hasi dira, 200 laguneko pikete batekin, Cartisa enpresaren aurrean, Arrigorriagan. 11:30ean manifestazio handia egin da Basaurin.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek CEBEK patronalari eskatu diote negoziazioa blokeatzeari uztea eta kontuan hartzea sindikatuen aldarrikapenak.

Grebaren bigarren egunean, apirilaren 30ean, piketeak lehen orduan egongo dira berriro, eta eguerdian manifestazioa egingo da Bilbon, 11:30ean, Bizkaia Plazatik hasi eta CEBEKen egoitzaraino.