Lehenengo enpresa kondenatua askatasun sindikala urratzeagatik, Confebasken lan-harremanen eredu-berriaren printzipioak jarraitzearen ondorioz

2018/05/08
Gasteizko Lan-arloko 3 zk.ko epaitegiak DHL-EXEL (Mercedesen hornitzailea) kondenatu du negoziazio kolektiboan eskubide sindikalak urratzeagatik. Hain zuzen ere, Adegik eta Confebaskek aldarrikatzen dituzten printzipioei segika, “lan-harremanetarako enpresa-kultura berrian” oinarritutako neurri eta ekintzak aplikatzeagatik.

Epaian xehetasunez azaltzen da enpresak enpresa-batzordeari zilegitasuna kentzeko saiakerak egin dituela, langileak eskubide-murrizketak ekarriko zituen hitzarmen bat onartzera bultzatuz. Hori dela-eta, enpresa kondenatu da 800 euro batzordeari ordaintzera, kalte moralagatik.

Epaiak dioenez Zuzendaritzak bost jakinarazpen bidali zizkien langileei. Gainera foileto bat ere zabaldu zuen, “Elkarrekin jarraituko dugu bidaian?” izenekoa, Mercedesek DHLrekin duen kontratua bertan behera uzteko arriskuaz ohartarazteko. Eta bilerak egin zituen, 20 laguneko taldetan, Giza Baliabideen arduradunaren gidaritzapean. Era berean, epaian frogatutzat jotzen da “kudeatzailearekin gosaltzen” delako saioez baliatu zela enpresa. Saio horietan 3 eta 10 bitarteko laguneko taldetan biltzen ziren, eta hitzarmenaren negoziazioei buruzko ikuspegi lerratua eman.

Zuzendaritzak “ospearen hall-a” ere sustatu zuen, batzordeari modu anonimoan eraso ahal izateko; eta baita hitzaldi batzuk ere (“One to one”), beti ere alderdi sozialaren izen ona kaltetzeko.

Epaiaren arabera jarduketa horien “azken helburua langileen ordezkariak ahultzea izan dela, eta ordezkaritza-organoaren zilegitasuna kendu nahi izan zaiola langileen aurrean”. Era berean, jarduketa horien helburua “langileei informatzea ez ezik, langileen legezko organo solaskidea ahultzea eta bazter uztea ere izan liteke”.

Hala eta guztiz ere, DHL-EXELeko langileek, xantaia eta guzti, oso hitzarmen ona lortu zutela azpimarratzen du ELAk.

Zoritxarrez, enpresa horretan gertaturikoa Euskal Herriko enpresetara hedatzen ari da. “Lan-harremanetarako eredu berria” delakoa, Adegik eta Confebaskek sustatu dutena, eta kooperatiben mundutik sorturiko beste eredu batzuk jatorri beretik datoz: langileei antolakuntza-eskubidea ukatzea. Ez dago ezer neoliberalagorik jarrera hori baino. Gure aldetik bide sindikalak eta juridikoak erabiliko ditugu lan-harreman zuzenagoak bermatze aldera, langileen eta demokratikoki hautaturiko ordezkarien eskubideak errespetarazteko.