gipuzkoako eraikuntza

Lortutako akordioak langileen erosahalmena bermatu eta kontziliazioa hobetuko ditu

2025/06/25
ELAk %74ko ordezkaritza dauka sektorean eta akordioa sinatu berri du, prekaritatearen aurkako klausulak eta gai sozial ugari barne bilduz.

Sinatu berri da Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena. ELAk du gehiengo absolutua sektorean (%74) eta pozik azaldu da lortutako edukiekin. Hitzarmenak 4 urtetarako indarraldia izango du (2025-2028). Soldatari dagokionez, KPI+0,9ko soldata igoera izango dute lehen urtean eta KPI-ko soldata igoerak gainontzekoetan. Langileen kontziliazioa eta bizitza errazteko bidean, berriz, 8 orduko lanaldi murrizketa adostu da. 

Badira, gainera, prekaritateari aurre egiteko zenbait artikulu ere. Kontratazio prekarioek langileei ziurgabetasuna eragiten diete, eta lan istripuekin lotura zuzena dutela azpimarratu du ELAK. Besteak beste, ABLE bidezko kontrataziorik ezingo da egin aurrerantzean, ez obran ezta mantenimentuko lanetan ere. Eta modu egonkortuan dauden azpikontratetako langileek subrogazio eskubidea izango dute hemendik aurrera.

Honez gain, euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen du ELAk, eta 50 langiletik gorako enpresak Euskara Planak negoziatzera bultzatu ditu. Sexu Jazarpen protokoloan ere aurrerapausuak eman dira eta trans  kolektiboarentzat eskubideak txertatu dira.

ELAk azpimarratu du azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker lortu dela. Eta beste sindikatuek sektore honetan sinatu dituzten hitzarmenetan baino eduki hobeagoak lortu dituztela.