Mobilizazioa da bidea, Bizkaiko Metalgintzan sortzen ari den aberastasuna bidezko moduan banatzea lortzeko

2018/07/24
Uztailaren 18an izan zen Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmenaren Mahaiko hamargarren bilera. Berriro ikusi dugu FVEMek ez duela nahi hitzarmen duin bat Bizkaiko metalgileentzat. ELAn zenbait hilabete daramagu esaten antolamendua, borroka eta mobilizazioa beharrezkoak ditugula gure sektoreko lan-baldintzak duinagoak izan daitezen. Helburu horri begira, ELAk eta LABek zenbait bilera egin ditugu azken asteotan mobilizazio-agenda bat antolatzeko eta adosteko.

Horiek horrela, joan den astean LAB guregana zuzendu zen zera esanez: eroso eserita gaudela Metaleko mahaian. Kritika horrekin batera, CCOO eta UGTren pare jarri gintuzten. Eta sindikatu horiek ez dituzte gehiengo demokratikoak errespetatzen akordioak egiterakoan, eta lan-baldintzen estatalizazioaren alde egiten dute. Hori dela-eta, gure ustez jokabide hori bateraezina da FVEMren aurrean ganorazko borroka bat antolatzeko asmoarekin. Bizkaiko Metalgileek behar dutena beren lan-baldintzen alde tinko eta zintzotasunez aritzen diren erakundeak dira.