Haizea Wind (Zierbena)

Mobilizazioak deitu dituzte azpikontratatutako langile baten azken istripu larria salatzeko

2024/07/02
Mobilizazioak deitu dituzte Dinavalen, Haizea Wind enpresaren azpikontratan, Zierbenan (Bizkaia), 47 urteko langile batek lan istripua izan eta bi hankak galdu ondoren. Istripua ekainaren 28an gertatu zen. Langileak hiru hilabete besterik ez zeramatzan enpresan, eta txaparen eta makinaren artean harrapatuta geratu zen. Aldez aurretik makina horrekin hainbat istripu izan ziren, eta ELAk jada salatu zuen fabrikatzaileak aurreikusi gabeko erabilera egiten zuela enpresak. Hala berretsi zuen Lan Ikuskaritzak berak, sindikatuak jarritako demanda baten ondoren egindako ikuskapen batean. Hala ere, enpresak erabaki zuen makina modu desegokian erabiltzen jarraituko zuela, fabrikatzaileak adierazitakoa jarraitzeak suposatuko zuelako gutxiago ekoiztea.

2021eko urriaren 19an, lan ikuskatzaile batek, Bizkaiko ikuskaritza buruak eta Osalaneko bi teknikarik enpresa bisitatu zuten, ELAk jarritako demandaren ondoren. Txostenean jasota dagoenez, "aluminiozko barra horien erabilera ez dago jasota fabrikatzailearen eskuliburuan, ezta enpresaren lan prozeduran ere".

Txosten horretan bertan, Ikuskaritzak enpresari eskatu zion berehala konpontzea osasun arloan antzemandako akatsak, eta, zehazki, makina horrekin zorrotz jarrai dezala fabrikatzaileak eta jarraibideen eskuliburuak adierazitakoa. Lan Ikuskaritzaren txostenak argi zioen enpresak ezin zuela jaraitu hura erabiltzen jarraibide horiei jarraitu gabe. Hala ere, enpresak aginduei muzin egin eta homologatu gabeko barrak erabiltzen jarraitu du, langileen osasuna arriskuan jarriz.

2022ko urtarrilaren 13an, Ikuskaritzak bigarren bisita bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen "egindako errekerimenduak ez direla bete". Txostenaren arabera, HAIZEA WINDek "bere langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jarri ditu, ez duelako makina erabili fabrikatzaileak agindutakoa betez".

Hala ere, enpresak beste aldera begiratzen jarraitu du lan istripu larri bat gertatu den arte.

Gertatutakoa eta enpresaren jarrera salatzeko, ELAk elkarretaratzea egingo du batzordeko gainerako kideekin enpresaren instalazioetan, uztailaren 3an,  13:00etan.