PASABAN SA (TOLOSA)

Mobilizazioak hasiko dituzte berriz ere

2023/06/06
Bi orduko lanuztea egin dute gaur enpresan, eta ordu horietan Tolosako Trianguloa plazan elkartu dira langileak. «Enpresa zuzendaritzak ez du inongo momentuan negoziatzeko predisposiziorik azaltzen. Hitzarmen duin bat merezi dugula uste dugu», azaldu dute sindikatuek.

Tolosako Pasaban SA enpresako langileak mobilizazioetara bueltatu dira gaur. 11:00etatik 13:00etara lanuztea egin dute enpresan, eta gainera, elkarretaratzea burutu dute Trianguloa plazan.

Langileek honakoa eskatzen dute besteak beste: lizentzietan hobekuntzak, KPI-aren balorearen araberako taula bat, lan ordutegian malgutasuna eta muntai lanengatik kanpora joan behar duten langileen kasuan, 59 urtetik gorakoentzat hautazkoa izatea.

ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, hitzarmenaren negoziaketa asko ari da luzatzen enpresaren jarrera dela eta.

Hurrengo asteetan, ekainaren 13an, 20ean eta 27an berriz burutuko dituzte lan uzteak, 11:00etatik 13:00etara. Kasu hauetarako, ordea, manifestazioak antolatuko dituzte, Tolosako Triangulo plazatik abiatuta, San Frantzisko pasealekuko 45. zenbakiraino.