NORDEX – ACCIONA WINDPOWER
Nordex Energy Spain eta Nordex Blades Lumbier hitzarmen duin baten alde borrokan

Bi enpresetan 2022ko abenduan iraungi ziren hitzarmenak, eta ordutik ez dute lortu akordio berririk. Hori dela eta, plantillek soldatak izoztuta dituzte (partzialki izoztuta Nordex Energy Spain enpresaren kasuan) eta erosahalmenaren galera handia jasan dute. Gainera, bi plantillak bat datoz beren zuzendaritzen jarrera gaitzestean. Izan ere, bi egituretan erabateko blokeoa dago, enpresa batzordeek eskatutakoei jaramonik ez egiteaz gain, egungo hitzarmenetan murrizketak proposatzen dituzte.
Egoera honi aurre egiteko asmoz, oraingo honetan bi enpresetako langileek aldarrikapenak bateratzea erabaki dute, eta iragarri dute enpresek jarrerari eusten jarraitzen badute ez dutela baztertzen beste bide batzuk aztertzea.
Nordex Energy Spain (NES) enpresa -lehen Acciona Windpower-, aerosorgailuen enpresa bat da, Barasoainen fabrika eta zentro nagusia dituena, eta Nordex Blades Spain, berriz, palak fabrikatzen ditu eta Irunberrin dago. Acciona Taldea Nordex Taldearen akzioen % 47ren jabea da.