"Patronalak Bizkaiko metalaren mahaia bahitu du” #Landeia

2019/03/25
Bizkaiko Metaleko Hitzarmenaren blokeoaren aurrean, ELAk ahal duen heinean lan- eta bizitza-baldintzak hobetzen dituzten enpresa-hitzarmenak bultzatzen jarraituko du. Hau da gai honen inguruan azken Landeiak jasotzen duen elkarrizketa.

2018ko otsailean, Bizkaiko Metalaren sektore-hitzarmena negoziatzeko bilerak berrartu ziren. Urte luze honetan 16 bilera egin dituzte, eta Mikel Etxebarriak Bizkaiko Metalaren arloko arduradunak salatutakoaren arabera, sektore honetarako hitzarmen duin bat lortzeko borrokan ez da fitxik aurreratu, edo ezer gutxi behintzat.

Zer egoeratan daude negoziaketak, Bizkaiko Metalaren sektore-hitzarmena lortzeko?

Urtebeteko epean, 2018ko otsailetik 2019ko otsailera, 16 aldiz bildu gara. Uste dut denbora eta bilera nahikoak direla diagnostiko aski argia egiteko. Sektoreak pasadan urtean bilakaera ona izan zuen. Enpresek fakturazioa areagotu zuten eta gehienek mozkin handiak lortu zituzten. Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzaren patronalak berak horrela aitortu zuen, eta egoera ‘benetan bikaina zela’ esan zuen. 2019a urte on bat izango dela aurreikusi dute berriro. Kontua da sektoreko enpresen egoera ona ez dela sektorearen negoziazio-mahaira eramaten. Orain arte Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzaren patronalak uko egin dio minimoki duinak diren edukiak mahaigainean jartzeari. Ez dituzte lan-erreformaren kontrako klausulak adostu nahi. Horrenbestez, Lantegien Bizkaiko Federakuntzak sektorearen negoziaketa gelditu nahi duela iritzi dugu.

Mahaia blokeatuta dagoela diozu. Orduan, zer?

ELAn ez gara begira geratuko. Patronalak Mahaia blokeatu nahi badu, desblokeatzeko formulak bilatu beharko ditugu. Egoera horretan, sektoreko enpresetan antolatzeko dugun ahalmena sendotu nahi dugu, lan-erreformaren aurrean enpresa-hitzarmen duinak eta blindatuak sinatzeko. Eta bide onetik goaz. Sektoreko hitzarmena blokeatuta egon den bitartean makina bat hitzarmen sinatu ditugu enpresa txiki, ertain eta handiekin. Hitzarmen horiek onak dira.

Enpresa-hitzarmen horietatik zer azpimarratuko zenuke?

Hitzarmen duinak antolakuntzaren eta borrokaren bidetik bakarrik lor daitezkeela diogu beti. Bada, borroka horri esker, Bizkaiko metalaren sektoreko milaka langilek gaur enpresa-hitzarmen duinak dituzte, eta Estatuan onartutako lan-erreformen aurrean blindatuta daude.

Langileen antolamenduari eta indarren arteko korrelazio optimoari esker bakarrik gauza daitezke akordio horiek. Horregatik ELAn borrokarako gaitasuna sortzeko eta antolatzeko konpromisoari eutsi nahi diogu Bizkaiko Metalaren sektoreko enpresetan, gero eta gehiago.

Antza, gainontzeko sindikatuak ez doaz bide beretik…

UGT eta CCOO edozein hitzarmen sinatzearekin ados daude, gutxiengoa badira ere. Ez die axola ona edo txarra den, sinatzeko irrikan daude. Ez dugu ahaztu behar sindikatu horiek metalaren sektorea estatuaren eskuetan jartzea negoziatzen ari direla Madrilen, eta horrek gure lan-baldintzak larderiatzen dituela. Mehatxu horri oso adi egon behar dugu. Metalaren sektoreko enpresa jakinekin adostasunetara iristen ari gara Estatu Mailako metaleko Hitzarmena, premia gorria besterik ez dakarrena, hemen ezar dezaten galarazteko.