Patronalak Bizkaiko metalean egin duen azken proposamen eskasaren aurrean ekainaren 20 eta 21ean greba izango da

2019/06/17
Bizkaiko metaleko negoziazio-mahaia 21. aldiz bildu da. Ekainaren 17an izan zen azken bilera, eta horretan argi geratu zen, beste behin ere, FVEMek ez daukala sektoreko lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko borondaterik.

Kontutan izanik ekainaren 20 eta 21erako greba deituta dagoela, FVEMen proposamena eta jarrera guztiz arduragabea izan da. Mugimendu txiki bat baino ez du egin, tauletako soldatetan, baina oraindik ere eskari sindikaletatik oso urrun.

Patronalak ez die erantzunik eman nahi izan maiatzaren 10ean egindako eskariei. FVEMek ez du honako puntu hauek aipatzerik nahi:

  • Soldata errealetarako igoerak.

  • Subrogazio eskubidea.

  • Aldi baterako enpleguaz eta ABLEei buruz neurri konkretuak.

  • Lanaldi murrizketa.

  • Berdintasunaren eta lan osasunaren arloetan ere aldarrikapen sindikalak ez ditu aintzat hartu.

Gainera, FVEMek malgutasunean eta bajetan atzerapausoak liratekeen puntuak mantendu ditu. Antza, patronalak adarra jo nahi dio Bizkaiko Metalean lan egiten duen jendeari. Ez dira ohartzen, edo ez dute nahi, borroka honen eta greben xedea dela sortzen ari den aberastasunaren banaketa justua eta sektorean dagoen prekaritatea desagerraraztea.

Ondorioz, ELAk dei egiten die sektoreko behargin guztiei ekainaren 20 eta 21eko grebetan parte har dezaten. Hain zuzen, uste dugu bi greba egun horietan produkzioa ostera ere geldiarazi eta kaleak bete behar ditugula manifestazio deialdien bidez. Noski, FVEMen jarrera ikusirik, borroka da bide bakarra; baita ekainaren 21etik aurrera ere.