Patronalak ez ditu Bizkaiko Metaleko langileen baldintzak duindu nahi hitzarmenean

2018/07/20
ELAren aburuz, Bizkaiko Metaleko lan-baldintzak duindu ahal izateko, eta sorturiko aberastasuna modu zuzenago batez banatu ahal izateko, behar-beharrezkoak ditugu antolakuntza, borroka eta mobilizazioa. Uztailaren 18an Bizkaiko Metal Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren 10. bilera izan da eta ez da aurrerapenik eman.

Sektoreko patronalak (FVEM) zera proposatu du: 2018an %2,5eko soldata-igoera, eta 2019 eta hurrengoetarako, Estatuko KPIa. Igoera hori taulen gainean aplikatuko litzateke. Hitzez hitz hauxe esan dute: "soldata-igoerak egiteko planteamendua soldata-taulen gainekoa da, kontuan izanik enpresa-kopuru handi batek soldata-igoerak eginak dituztela azken urteotan". Bestela esateko, FVEMk proposatu duen igoera horrek ez lieke benetako igoerarik ekarriko 2011ko taulen gainetik dauden langileei.

FVEMk, gainera, berretsi egin ditu orain arte plazaraturiko puntu guztiak:

  • Enpresarien boterea handitzea, malgutasunari eta aldi baterako ezintasunei (bajak) dagokienez.
  • 2 urteko ultraaktibitatea, aurreko testuan ultraaktibitate mugagabea jasota bazegoen ere.
  • FVEMk ez du klausularik nahi, hitzarmena alde bakar batetik salbuesteko aukera eragozteko.

Bileran ELAk adierazi du hitzarmenaren igoerak soldata errealen gainekoak izan behar direla, eta sektoreko langile guztiei aplikatu zaizkiela; taulen gainean dauden edo ez begiratu barik. Metalaren sektorea oso egoera onean dago, eta hori azpimarratu dugu bileran; eta FVEMk uztailaren 3an hedabideetan jakinarazi zuen bezala, joera hoberantz joango dela espero da. Baina Metalaren Mahaiaren arazoa zera da: FVEMk ez du hobeto banatu nahi sektorean sortzen den aberastasuna.

Bestalde, FVEMk ez ditu kontuan hartu nahi gure plataformaren oinarrizko puntu batzuk: subrogazioa, hobekuntzak bajetan, malgutasuna arautzea, antzinatasuna, kaleratze objektiboetatik blindatzea, lanaldi-murrizketa, lizentziak zabaltzea, zainketagatiko lanaldi-murrizketa... Soldaten gainean bakarrik eztabaidatu nahi du, eta aipaturiko zentzuan. Gaur bertan proposatu diogu FVEMri beste aukera bat: 50 langiletik gorako enpresetan berdintasun-planak egitea; eta erantzun digute ados daudela, baldin eta lanaldia luzatzen bada. Erabat onartezina iruditu zaigu.

Laburbilduz, azken hilabete hauetan ELAn atera dugun ondorioa egiaztatzen ari da: Bizkaiko Metaleko lan-baldintzak duindu ahal izateko, eta sorturiko aberastasuna modu zuzenago batez banatu ahal izateko, behar-beharrezkoak ditugu antolakuntza, borroka eta mobilizazioa.