BIZKAIKO KONTSERBAK

Prekaritatea salatu dute Ondarroan, manifestazio jendetsuan

Prekaritatea salatu dute Ondarroan, manifestazio jendetsuan
ELAk bi orduko lanuztearen jarraipen zabala nabarmendu du, eta patronalak hitzarmena desblokeatzen ez badu mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi du.

Ondarroak Bermeoren lekukoa hartu du Bizkaiko kontserba sektorean lan baldintza duinak eskatzeko mobilizazio jendetsu batekin. ELAk deitutako protestak hitzarmena berritzeko eta negoziazioan aurrerapausoak lortzeko abiatutako mobilizazio egutegiaren barruan kokatzen dira.

Sindikatuak nabarmendu du, halaber, bi orduko lanuzteak jarraipen handia izan duela, bereziki Lea Artibaiko kontserba enpresetako langileen artean (Ortiz eta Olasagasti kontserberetan). Langileak kalera atera dira soldata eta lan baldintza hobeak eskatzeko.

ELAk salatu du sektoreak urte luzez pairatu duela egiturazko prekaritatea, soldata apalekin eta emakumeek osatutako plantilla nagusiekin. Ondarroako manifestazioak agerian utzi du langileen haserrea eta indar kolektiboa handitzen ari dela.

Aldarrikapenen artean daude soldaten igoera, lan kategoriaren hobekuntzak, lanaldiaren inguruko neurriak eta lan eta bizitza pertsonala uztartzeko baliabide gehiago.

ELAk ohartarazi du negoziazioan benetako aurrerapenik ez bada mobilizazioek jarraipena izango dutela. Ildo horretan, maiatzaren 21erako deitutako egun osoko greban parte hartzera deitu ditu sektoreko langileak.