Q sukarra atzeman dute Bizkaiko tratamendu mekaniko-biologikoko lantegian

2018/05/04
Osalanek horretarako deituriko bileran bertaratu direnei jakinarazi die (Bizkaiko Osasun Publikoko Epidemiologia Atalari, Garbikerri, UTE-TMB Arraizko Zuzendaritzari, IMQ-Prebentzioari eta Enpresa Batzordeari) Q sukarraren beste agerraldi bat atzeman dela.

Zehazki, hiru kasu egiaztatu dira, eta laugarren kasu bat egiaztatzeko dago. Egiaztapen hori kontrajarrita dago Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak orain dela bi aste esandakoarekin; orduan, IMQ-Prebentzioak egindako ingurumen-neurketen arabera, Q sukarra eragiten duen bakteriaren presentzia baztertzen zela adierazi baitzuen. Enpresa Batzordeak ordutik erakutsi zuen bere desadostasuna neurketak egiteko moduarekin, emaitza premeditazioz aldatzeko aukera ematen baitzuen.

Osalanen arabera neurketak ez dira erabakigarriak Q sukarraren agerraldia egiaztatzeko.

ELAk aldundiari, Garbikerri eta Valorizari eskatzen die ez dezala jarri propaganda politikoa UTE-TMB Arraizko langileen osasunaren gainetik, eta, baita kontu horretan duten erantzukizuna behar bezala onartzea ere.

Osalanen eta Osakidetzaren arabera ikerketa aurrera doa; plantillako eta kontratetako langile askori egiten zaizkien probak ez dira eten. Hortaz, bilerara joandakoek etengabeko jarraipena egitea erabaki dute, eta beste bilera bat finkatu dute, maiatzaren 17rako, hain zuzen ere. Ordurako, aztertzeko datu gehiago izatea espero dute, eta, aurrerantzean, agerraldi gehiago ez izateko prebentzio-neurriak erabaki ahal izango dituzte.

Enpresa Batzordeak Osalani hitzaldi bat eskatu dio, Osakidetzarekin batera, lantokian banatu eta langileei argibideak zabaltzeko. Ontzat hartu dute proposamena, orain hitzaldiaren eguna zehaztu beharko da.

ELAk, gainera, Asepeyo mutualitateari oraingo kasuak lanbide-gaixotasun gisa onartzeko eskatuko dio.