ELA, LAB eta ESK-k berretsi dute ahal duten guztia egingo dutela Sidenorreko eta azpikontratetako langile guztien lantegiak eta lanpostuak defendatzeko

2020/09/23
ELA, LAB eta ESK-k salatu dutenez, Sidenorren eta CCOO, UGT, USO eta La Senda de Ugarte sindikatuen arteko negoziazioak bideratuko balira – horien artean negoziatzeko 48 ordu gehiago ematea adostu ondoren –, 2016an enpresa horretan gertatutakoa errepikatuko da: prebentziozko ERTE bat planteatuko da (kasu hartan ia aplikatu ez zena), eta lantoki bakoitzeko ordezkaritza sindikala manipulatuko litzateke, negoziazio kolektiboa guztiz baldintzatuz eta lan-baldintzak okertuz.

Irailaren 23an bukatu behar zen negoziazioa akordiorik gabe, ez kausen inguruan, ezta aplikazioaren inguruan ere. Hala ere, CCOO, UGT, USO eta La Senda de Ugarte sindikatuek enpresarekin adostu zuten 48 ordu gehiago ematea hitz egiten jarraitzeko. ELAk, LABek eta ESK-k berriz diote enpresak aurkeztutako aldi baterako erregulazio espedientearen helburu bakarra emaitza onak mantentzea dela, Sidenorren lan egiten duten pertsonen sakrifizioaren kontura, eta diru publikoaz baliatzea.

Gauzak horrela, baieztatu dute ahal duten guztia egingo dutela Sidenorreko eta azpikontratetako langile guztien lantegiak eta lanpostuak defendatzeko. Era berean, borroka egingo dute "enpresak nahi duena lor ez dezan eta lantegietan lan egiten duten pertsonen (plantilla zuzena zein azpikontratatuak) bizi-baldintzak prekarizatu ez ditzan". Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaizkio, eta, zehazki, Arantza Tapiak zuzentzen duen Industria Sailari. "Benetan uste duzue diru publikoa erabil daitekeela Sidenor bezalako enpresa bat diruz laguntzeko, enpresako eta azpikontratetako langileek soldata jaitsi behar duten bitartean, azken urteetan lortutako irabaziak, egin duten dibidenduen banaketa basatia eta zuzendariek eraman duten soldata kontuan hartuta?".

"Informazioa manipulatzen dute enpresa arriskuan dagoela sinestarazteko, beldurra sortzeko eta euren asmoei amore eman diezaiegun lortzeko: malgutasun ikaragarria eta soldatak murriztea. Laburbilduz, lan-baldintzak prekarizatzea ", salatu dute.

2020ko irailaren 10ean, Sidenorren Zuzendaritzak ERTE bat aurkeztu zuen, ekoizpen-, antolamendu-, ekonomia- eta teknika-arrazoiak argudiatuta. Hauek dira, ordea, 2016ko eta 2019ko ekitaldien artean lortu zituzten emaitzak:

  • EBITDA (zerga aurreko mozkinak, amortizazioak, etab.): 250.000.000 euro.
  • 103.650.000 euro banatu dira dibidenduetan akziodunen artean; mozkinak, berriz, 66.430.000 eurokoak izan dira, hau da, mozkinak baino dibidendu gehiago banatu dira.
  • Goi-zuzendaritzako 15 kideen artean 18.000.000 euro (2018-2019).
  • Bien bitartean, plantilla 600 langiletik gora murriztu da.

Are gehiago, sindikatuek gogorarazi dutenez, enpresaren kanpo-aholkularitzak, txosten teknikoa egiteaz arduratzen denak, irailaren 18an egindako bileran aitortu zuen Sidenorren balantze ekonomikoa onbideratuta dagoela eta enpresa bideragarria dela.

Enpresaren Zuzendaritzak, bere aldetik, automobilgintzaren sektorearen egoera zaila dela ere adierazi du ERTE hori aurkezteko garaian. Hala ere, sektoreko enpresa nagusiek pandemiaren hasieran aplikatu zituzten ERTEak kendu dituzte, eta ez hori bakarrik, aldi baterako langileak kontratatuko dituztela ere iragarri dute, duten ekoizpenari aurre egiteko, Volkswagenen kasuan bezala. Gainera, automobilen salmentak %11,4 hazi dira 2020ko abuztuan, 2019ko hilabete berdinarekin alderatuta,

COVID-19 baino askoz lehenago (datu horren iturria da Ganvam Automobil, Kamioi eta Motozikleten Saltzaileen Talde Autonomo Nazionala). Egindako bileretan, ordezkaritza sindikalak desmuntatu egin ditu enpresak enplegu-erregulazioko espedientea aurkezteko emandako arrazoiak.