Sidenorreko zuzendaritzak, CCOO, UGT eta USOk aurreakordio lotsagarria izenpetu dute

2018/07/26
Azken urte hauetan, Azkoitiko lantokiko langileen baldintzek prekarizazio prozesu latza jasan dute. Ebentualek izugarrizko iruzurra pairatzen dute euren lan kontratuetan. Finkoak diren langileek ere beraien eskubideetan merma garrantzitsua izan dute. Guzti hau oso egoera ekonomiko ona daukan enpresa batean, lan karga handiekin eta irabazi itzelekin.

Tximista baino azkarrago joan den eta langileen parte hartzerik izan ez duen negoziaketa baten bidez, aipatutako sindikatuak eta Sidenorrek bertako langileak 2023 urtera arte luzatuko den hitzarmen kaltegarri batera zigortzen dituzte.

Zuzendaritzak enpresan dagoen gehiengo sindikal otzana aprobetxatu du 2019-2023 indarraldia duen hitzarmen bat adosteko. Hau da, oporren atarian eta bi bilera eskasekin, sindikatu hauek langileen etorkizuna hipotekatu dute ondorengo bost urtetarako. Sinatzaileek asanblada orokor bat egitea ukatzen dute. Gainera, hitzarmen hau aipatutako indarraldiarekin sinatzeak helburu argia dauka, hain zuzen ere, azaroan izango diren hauteskundeetan langileak zintzotasunez ordeztuko dituen sindikatu bat hautatzerik ez izatea, baizik eta berriro ere enpresaren interesak defendatzen dituzten sindikatuak izatea garaile. Edukiak hauexek dira:

  • Indarraldia: 2019-2013. Oso indarraldi luzea lehen aipatutako helburuarekin.
  • Soldata igoerak: Ez dute gainditzen %2 indarraldiko urte bakar batean. Ez dauka inongo erreferentziarik KPIra. Gaur egungo egoera ekonomikoan indize hau asko igotzen ari da. Enpresa honetan lan egiten dutenek ez dute jasoko sortzen duten aberastasunaren zatirik.
  • Kontsolidagarriak ez diren pizgarriak eta irabazien baitan dauden aldagarriak, enpresako zuzendaritzari bakarrik interesatzen zaizkion kontzeptuak dira. Honek bere probetxura bakarrik ordainduko ditu.
  • Lanaldia handitzen da. Gaur egungo egoeran, inoiz baino premiazkoagoa da lana banatzea. Akordio hauek adosten dituztenek enplegurik gabe dauden milaka pertsonen gaineko mespretxua uzten dute agerian.
  • Behin behineko kontratuen %15 finko bihurtzea adosten da. Hau da, ebentualen %85a iruzurrean egotea ontzat ematen da. ELAk Lan Ikuskaritzari eskatzen dio Sidenorreko behin behineko kontratuak azter ditzala eta iruzurrean dauden guztiak finko bihurtzea.

ELAk uste du akordioa oso txarra dela. Argi dago langileak bost urtetara zigortzen dituen lan baldintzak asanblada orokor batean berretsi behar direla. Bestalde, negoziazio prozesuak gutxieneko baldintzak bete dituen aztertu behar dugu. Gogora ekarri behar da lan baldintza penagarriak dituen eta langileei hitza ematen ez dien enpresa honi ADEGIk saria eman ziola “lan harremanen eredu berrietako” ekitaldi batean. Orain dela 40 urte geneukan lan harremanen eredura bueltatzea suposatzen du horrek.

Azkoitiko beharginen baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu. Bada garaia etorkizun justu eta demokratiko baten alde borrokatzeko.