Sinatu da Gipuzkoako metalaren hitzarmena

2020/10/23
Sinatu da goiz honetan Gipuzkoako metalaren hitzarmen berria, 2020tik 2022ra egongo da indarrean. ELAk positibotzat jo du sinadura; izan ere, hamarkada bat geroago eduki berriak gehituz metaleko gainerako hitzarmenetarako erreferentzia izango den hitzarmen bat berreskuratzeagatik.

ELAk bere militantzia zoriondu nahi du azken urteotako lanarengatik, modu antolatuan erantzuten jakin baitute, langile-klasea pobretzea baino bilatu ez duten erreformen aurrean.

ELAko militanteek lehenago aztertua zuten akordioaren edukiarekin bat egin dute beste sindikatu batzuk; honakoak dira:

  1. Soldata-tauletan %8,8ko soldata igoera 2019 urteraino (baita dieta, bidaia eta abarretan ere), eta %0,8koa 2020rako (beraz, guztira %9,6). 2021 eta 2022 urteetarako KPI bermatuko da sektoreko enpresa guztietan (indizea negatiboa balitz aldea ez da itzuli behar).
  2. Inaplikazio klausula (lan erreformaren kontrako blindajea).
  3. Ultraaktibitate mugagabea (orain arte hitzarmenean ez zegoen inolako ultraaktibitaterik).
  4. Azpikontratetako langileen subrogazioa mantentze-lan, biltegi eta logistika, garbitasun industrial eta instalazio telefonikoetan. Honek egonkortasuna ematen die enpresa nagusitik at diharduten milaka langileei.
  5. ABLE bidezko kontratazioa gehienez urtebetekoa izango da (epealdi hori, baita aldi baterako kontratuena, antzinatasunerako aintzat hartuko da).
  6. Berdintasuna. Enpresek legeak derrigortzen duena baino informazio gehiago emango dute, bete beharreko epeen barruan.
  7. Lizentziak. Bizikidetza ez da derrigorrezkoa hartu ahal izateko.
  8. Malgutasuna: Aurreabisu epea 5 egunekoa izango da, ez 3koa orain arte bezala.
  9. 49. artikulua aldatuko da: Soldata aldaketa kolektiboak aplikatzeko ezinbestekoa izango da akordioa.
  10. Gipuzkoako lan hitzarmenaren aplikazioa lehentasunezkoa da, estatukoaren aldean.