Tecnaliak 15 lanpostu kanpora atera nahi ditu Zamudion (Bizkaia) eta Miñaon (Araba)

2022/05/24
ELAk salatu du Tecnaliak Environment Lab Services ataleko 15 langileren lanpostuak kanpora atera nahi dituela. Langile horiek Zamudioko (Bizkaia) eta Miñaoko (Araba) lantokietan egiten dute lan gaur egun. Tecnalia ikerkuntza eta garapen teknologikorako fundazioa da, eta erakunde publikoen finantzazioa jasotzen du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena.

Sindikatuak uste du erabaki horrek ezegonkortasuna baino ez duela eragingo langileen artean; izan ere, langile horiek ez dute euren lan baldintzen berri izango.

Gainera, ez da kasu isolatu; aitzitik, ELAk ziurtatu du ohiko dinamika bihurtzen ari dela Tecnalian, eta litekeena dela etorkizunean beste negozio unitate edo atal batzuekin errepikatzea. Horregatik, ezinbestekotzat jo du praktika horien aurka borrokatzea eta etorkizunean antzeko egoerak saihestea.