Trapagarango MFS enpresako Lan Erregulazioko Espedientea bertan behera utzi dute, enpresa-batzordearen gehiengoak deitutako mobilizazioei esker

2020/11/11
ELAk oso positibotzat jo du gertatutakoa, eta langileak zoriondu ditu beren eskubideak defendatzeko antolatu direlako. Sindikatuak gogorarazi duenez, mobilizazioak deitu izan ez balira, enpresak ez zuen LEE aplikatzeko erabakia aldatuko.

MFS enpresako zuzendaritzak, Trapagaranen (Bizkaia), Lan-Erregulazioko Espedientea erretiratzea erabaki du, enpresa batzordearen gehiengoak deitutako mobilizazioen ondorioz. MFS automobilgintzaren sektorerako piezak egiten aritzen da batez ere eta 120 langile inguru ditu.

Duela aste batzuk, enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei deitu zien kontsulta-aldia hasteko, arrazoi objektiboengatiko Lan-Erregulazioko Espediente bat aplikatzeko asmoz. Hasiera-hasieratik, ELAko atal sindikalak (9 ordezkariko 5 ordezkari ditu) ez zuen proposamena onartu.

"Enpresak lan-karga nahikoa du gaur egun, eta enpresak langileen lan-baldintzak kaltetu nahi zituen, COVID-19k sortutako egoera aprobetxatuz", salatu du ELAk. Gainera, kontsultaldian zehar, enpresak ez zuen inoiz aurreikusi langileentzako kolpea leuntzeko neurriak aplikatzea, esaterako, langabezia-prestazioaren osagarriak.

Egoera horren aurrean, asanbladan mobilizazio batzuk deitzea erabaki zen, azaroaren 13, 17, 18, 24, 25 eta 26an ekoizpena gelditzeko. Bada, azaroaren 10ean, enpresaren zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi zien lan-erregulazioko espedientea erretiratzea erabaki zuela, planteatutako mobilizazioen aurrean.

ELAk oso positibotzat jo du gertatutakoa, eta MFSko langileak zoriondu ditu, beren eskubideak defendatzeko antolatu direlako. Era berean, gogorarazi du mobilizazioak deitu izan ez balira, enpresak ez zuela LEIP aplikatzeko erabakia aldatuko. "Greba langileek euren eskubideak defendatzeko duten tresnarik indartsuena dela erakusten da beste behin ere", gaineratu du.