Comeco Gráfico Norte (COMECO)

Vocento taldeak 70 langile kaleratu nahi ditu

2024/10/23
Urriaren 22an Zamudioko Comeco Gráfico Norte enpresaren enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia hasi zen. COMECO Vocento Taldearen inprenta da, eta hainbat aldizkari eta periodiko argitaratu eta inprimatzen ditu, hala nola El Correo, El Diario Vasco edo Marca.

Vocento Taldeak arrazoi ekonomikoak, produktiboak eta antolakuntzakoak alegatu ditu enplegu erregulazioko espedientea justifikatzeko. Horrela, plantilla osatzen duten 129 langileetatik 70 kaleratu nahi ditu. ELAren ustez ez dago enpresaren erabakia justifikatzen duen arrazoirik, eta Zamudioko errotatibako lanpostu guztiak defendatzeko borrokatuko du. Nabarmentzekoa da Vocento taldeak 13 milioi eurotik gorako irabaziak izan zituela 2023an.

ELAk salatu nahi du Vocento Taldearen asmoa produkzio kostuak merkatzea dela, Zamudioko lantegiko ekoizpenaren zati bat taldeko beste enpresa batzuetara deslokalizatuz. Beraz, sindikatuak arrazoirik gabeko planteamendu bidegabe horren aurka egingo du, bai sindikalki, baita juridikoki ere. ELAk COMECOko langileei dei egiten die kaleratze horiek geldiaraztea eta inprimategiaren jarraipena bermatzea helburu duten mobilizazioetan parte hartzera.