Vulcanizados Zuloaga berriz ere auzitegira, greba eskubidea urratzeagatik

2022/10/20
Vulcanizados Zuloagaren (Zaratamo) aurka beste epaiketa bat egiten ari dira, grebarako eskubidea urratzeagatik. Izan ere, enpresak pizgarri ekonomikoak ematen dizkie greba egiten ez duten langileei. 2021eko ekainaren 28tik greban dauden langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko Epaitegiaren aurrean, enpresako zuzendaritzari negoziazio serio bat eskatzeko. Epaiketa hau ELAk aurkeztutako demanda baten ondorio da. Aurreko epaiak egiaztatu zuen enpresa aritu dela grebalariak ordezkatzen.

Joan den maiatzean, Bilboko lan arloko epaitegiak Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga automobilgintza enpresa, eta harekin lan egin zuen beste enpresa bat, Cortusa Industrial, zigortu zituen, langileen greba eskubidea urratzeagatik.

Hala ere, Vulcanizados Zuloagak, maiatzeko epaiari jaramonik egin gabe, grebalariak ordezkatzen jarraitu du. ELAk ekainean salatu zituen jarduera horiek Lan Ikuskaritzan. Hala ere, orain arte, Ikuskaritzak ez dio erantzun egokirik eman salaketari.

Azkenik, nahiz eta uztailetik hainbat bilera egin dituzten greba batzordeak eta enpresako ordezkariek gatazka konpontzeko, Vulcanizados Zulaogak bertan behera utzi zuen urriaren 17rako aurreikusita zegoen bilera bat. ELAk uste du negoziazioak seriotasun handiagoa merezi duela, are gehiago kontuan hartuta ia urte eta erdiko greba dela.

Vulcanizados Zuloaga Zaratamoko (Bizkaia) enpresa bat da eta kautxu metalezko produktu teknikoak egiten ditu.