Wind Energy Casting Fundiciones (Wec II) greba mugagabean da hitzarmen duin baten alde

2018/06/04
Wind Energy Casting Fundiciones Agurainen (Araba) dago, eta 148 langile ditu, ELAko 7 ordezkari eta LABeko 2 ditu. Langileek greba mugagabeari ekin diote, enpresa-hitzarmena berritzeko eskatuz.

Aipaturiko enpresa WEC TALDEArena da, eta Euskal Herrian zenbait lantoki ditu, non pieza eolikoen galdaketan, mekanizazioan eta akaberan aritzen diren. Ekainaren 4an Aguraingo lantokian greba mugagabean hasi dira langileak.

Zuzendaritzarekin zenbait bilera egin arren, eta azken bi urteotan mozkin ugariak lortu badira ere, enpresaren eskaintzak ez die langileen aldarrikapenei erantzuten. Beraz, langileek greba egitea erabaki dute batzarrean, 106 boto alde eta 11 aurka emanda.

Plazaratu dituzten eskakizunak honako hauek dira:

  • Soldatak igotzea.
  • Lanaldia laburtzea.
  • Kategoriak berraztertzea.
  • Lan-segurtasun eta osasunean jarraipen eta kontrol zorrotzagoak egitea.