ELAk 100 enpresetan klima aldaketaren aurkako neurriak eskatu ditu

2019/06/25
Ekainaren 26a, klima aldaketaren aurkako nazioarteko ekintza eguna lantokietan izanik, sindikatuak kanpaina bat jarri du abian. Helburua oso zehatza da: klima aldaketa sortzen duten berotegi efektuko gasak murrizteko konpromiso zehatzak exijitzea enpresei. Kanpaina hau Euskal Herriko 100 enpresetan ari da aurrera eramaten, besteak beste, Iberdrola, Arcelor Mittal, Smurfit Kappa, Gamesa, Volkswagen, CIE Inyectametal eta Cementos Lemona.

Krisi klimatiko baten aurrean gaude, eta ez da enplegurik egongo hilda dagoen planeta batean. Egoerari buelta ematea posible da, baina horretarako ezinbestekoa da lantoki guztietan emisioak murriztea. Hemendik 2020ra klima aldaketaren aurkako akzio anbiziotsurik gabe, planetari atzera ezineko kalteak eragingo zaizkio. Ez badira neurri zorrotzak berehala hartzen, klima aldaketa mehatxua izango da pertsona guztiontzat, eta ezinezkoa izango da zenbait lurraldetan bizitzea.

Enpresek ere beraien jarduerak klima aldaketara egokitzeko planak egin behar dituzte, plan hauen oinarri berotegi efektuko gasen murrizketa eta trantsizio justurako neurriak izanik.

Horregatik diogu langileok klima aldaketari aurre egiteko akzioaren lehen lerroan gaudela. Enpresariek gure lanpostuak klima aldaketara egokitzea exijitzen dugu. Horregatik, ekainaren 26an, klima aldaketaren aurkako nazioarteko ekintza eguna izanik, Euskal Herriko ia 100 lantokitan ELAk enpresariei galdegingo die ea nola egokituko dituzten enpresak eta gure lanpostuak eklima aldaketara.

Bai langileek, bai enpresak ere segurtasuna nahi dugu, eta klima aldaketak zalantzaz betetako etorkizuna dakar guztiontzat. Langileok eskubidea dugu jakiteko enpresak nola aurreikusten duen emisioak murriztea eta enpresarentzat etorkizun jasangarri bat izatea.