“Atez Ateko zabor bilketari bai!” (iritzia)
Atez Ateko zabor bilketa sistemak oihartzun handia izan du azken asteetan. Normalean bereizten diren beira, edukiontzi eta paperaz gain, materia organikoa ere bereiztuta jasotzen du konposta egiteko. Etxe bakoitzeko hondakinak indibidualki jasotzen ditu gainera eta emergentziarako daudenez gain, kalean ez dago kontenedorerik. Usurbilen 2009ko martxoan jarri zuten martxan zabor bilketa eredu hau.
Zabor bilketa sistema berri honen birziklatze tasak handiak dira, %80tik gorakoak sistema ezartzen den lehen egunetik eta organikoaren gehiengoa konpost berrerabilgarri bihurtzen da. Gainontzeko herrietan 4 edukiontzirekin %28 birziklatzen da. Bada hirugarren sistema bat ere, 5 edukiontzi erabiltzen dituena, honek ere organikoak bereiztuta jasotzen ditu. Baina azken hau ez da batere eraginkorra, ez baita %35 birziklatzera iristen. 5 edukiontzien sistema borondatezkoa da, eta hor dago koska, jendea ez dago hain kontzientziatuta eta ez du birziklatzen. Atez ateko sistemarekin ordea, nahitaez birziklatu behar da eta horrek ematen ditu hain emaitza onak.
Sistema honen aurka daudenek birziklapen hau inposaketa bat dela diote, baina hori esatea errealitatea distortsionatzea da. Norberak sortzen duen zaborraren erantzukizuna norberarena da eta birziklatzea ezinbestekoa da, ez da aukeratu daitekeen zerbait. Birziklatzen ez badugu, erraustegiak eraikitzen eta osasunerako kaltegarriak diren zabortegiak izaten jarraituko dugu.
Bestalde, bilketa sistema honek lanpostu gehiago sortzen ditu. Atez ate zabor bilketa Gipuzkoa osora zabalduz gero, dagoeneko badauden lanpostuei beste 477 gehituko liratekeela aurreikusten da.
Bestalde, eta atez ateko zabor bilketa inposaketa dela esaten dutenei erantzunez, Usurbilen herri galdeketa lotesle bat egin da biztanleek nahi duten zabor bilketa sistema aukeratu dezaten. Alde batetik, azpimarratzekoa da galdeketa lotesle bidez erabakiak hartzea, beste proiektu askotan ez baitzaio herriari zer nahi duen galdetzen, esaterako erraustegiaren kasuan edo AHTaren kasuan. Arrazoi guzti hauengatik ELAk atez atekoaren aldeko bozka eskatu zuen kontsulta honetan.
Kontsultaren emaitza ere txalotzekoa izan da. Partaidetza oso altua izan da (%72), udal hauteskundeetan baino altuagoa eta bozken %97 inguruk organikoa bereiztuta jasotzearen alde egin du, sortzen duten zaborraren gainean zer nolako kontzientzia duten erakutsiz. %55ak atez atekoa aukeratu izanak sistema honen inguruan kontatzen ziren gezurrak agerian utziz, herritarrek atez atekoa nahiago dutela adierazten du.
Herritarrek sistema hau nahi izateaz gain, eraginkorrena ere bada. Eta erraustegiren alternatiba da gainera. Sistema honekin zaborraren %20 soilik da soberakina, eta bera garbia. Hala ere gehiago murriztu behar da soberakina, azken helburua “zero waste” baita, hau da %100 birziklatzea eta zaborrik ez sortzea. Errausketarekin ordea, zaborra erre ondoren errautsak bolumenaren %30ean geratzen dira, atez atekoa baino altuagoa eta honek ere zabortegia behar du, kasu honetan errauts toxikoak izan daitezkeenentzat.
ELAk uste du arrazoi hauek garbi erakusten dutela erraustegia beharrezkoa ez dela eta horregatik “Usurbilgo Ituna” sinatu dugu beste eragile politiko eta sozial batzuekin batera, Zubietan eraiki nahi den erraustegiaren 6 urteko atzerapen bat eskatuz, horrela denbora izango genuke zabor bilketa sistema alternatiboak ezarri eta osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren erraustegiak geldiarazteko.
ELAk Euskal Herri osora atez ateko zabor bilketa sistema zabaltzea exijitzen du, gure osasuna eta ingurumenagatik.