KLIMA ALDAKETA

“Aurrerapausuak eman dira baina ez da nahikoa” entzuteaz nazkatuta

2024/11/25
Azaroaren 11tik 23ra ospatu da aurtengo Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketaren inguruko goibilera, CO29 delakoa. Eta azken 15 urteetan bezala, ez dituzte etxerako lanak egin, ez dute egoera iraultzeko behar diren neurriak hartu. Beste porrot bat aurtengoan ere.

Aurtengo klimaren goibileraren helburu nagusia klima aldaketari aurre egiteko eta bere eraginetara egokitzeko nahikoa finanzazio lortzea zen. 2009an adostu zen 2020-2025 urteen artean urtero 100.000 milioi dolarreko aportazioa egingo zela. Aportazio hau 2022an hasi zen betetzen, berandu, eta motz geratu da dagoeneko. Erronka askoz handiagoa da.

Aurtengo helburua herrialde aberatsenen aportazio ekonomikoak areagotzea izan da. Kalkulatu da 2030 arte 5 eta 6,9 bilioi dolar artean beharko dituztela herrialdeek beraien konpromiso klimatikoak betetzeko, hau da, emisioak murriztu eta klima aldaketara egokitzeko.

Dagoeneko bukatu da Klimaren Goibilera, eta adostutakoa ez da iritsi behar zen kopuruetara. Urteroko aportazioa 300.000 milioi dolarretara igotzea adostu da, benetan klima aldaketari aurre egiteko behar den finantziaziotik urrun.

Oso garrantzitsua zen aurten fnantziazio konpromisoak areagotzea, datorren urteko COP30ean herrialde bakoitzak bere emisio murrizketa konpromisoak berritu beharko dituztelako, eta ezingo dira konpromiso anbiziotsuak ezarri ez badago hori lortzeko nahikoa finantziazio.

Argi dago klima aldaketa ez dela diruarekin bakarrik konponduko, baina hartu behar diren neurriak ordaindu egin behar dira eta orain arteko finanziazio konpromisoak oso eskasak izan dira behar dugunarekin alderatuta. Askok esango dute ez dela nahikoa izan COP29 honetan adostutakoa baina aurrerapausu bat dela. ELAn ez gaude ados, aspertuta gaude nahikoak ez diren aurrerapausuekin. Klima aldaketa iritsi da: lehorteak, suteak, uholdeak, bizitzen galerak, enplegu galerak,… Erabakiak hurrengo urterako uzteak amildegira garamatza. Klima aldaketa geldiarazteko eta dagoeneko sufritzen ari garen ondorioei aurre egiteko neurriak orain hartu behar dira.