“Azken krisia, gure garaia” lemapean ospatutako Ekotopaketetan parte hartu du ELAk

2022/10/11
“Krisi ekosozialaren aurrean nola antolatu lana eta enplegua” mahainguruan parte hartu zuen ELAkko ingurumen alorreko Ainhara Plazaolak Ekotopaketetan, Luis Gonzalez Reyes eta Emilio Santiago Muiñorekin batera.

Mahainguruan honako hiru galderen bueltan aritu ziren:

 

1. Zein enplegu sektorek izango dute desazkundea, eta zein sektoretan haziko da enplegua?

Trantsizio ekosozialerako ezinbestekoa izango da energia eta lehengaien kontsumoa murriztea, dudarik gabe, eta gainera maila izugarrian. Ekoizpen eta kontsumo eredua errotik aldatzea suposatuko du eta horrek beste hainbat esparrutan ere eragin handia izango du. Baita enpleguaren arloan ere. Aurreikusi dezakegu enplegu galera handia etorriko dela, baina bidezko trantsizioa ekosozial bat eginda, enplegu galerari beste enplegu batzuen sorrerarekin erantzun ahalko zaio. Trantsizio hau bidezkoa izateko, enplegu galera aurreikusi eta erantzun egokia eman beharko zaio noski.

Desagertu edo indartu behar diren sektoreak zeintzuk diren zehazteko, lehenik eta behin, bereizketa hori egiteko erabili beharreko irizpideak zehaztu behar dira. Galdera da: zeintzuk dira onargarriak eta desiragarriak diren lanak, eta zeintzuk onartezinak eta jasangarriak ez direnak?

Desiragarriak ez diren enpleguak onako irizpide hauen arabera zehaztu beharko da:

- Etikoki onargarriak ez direnak badaude (armagintza, espekulatzaileak)

- Ingurumen kalte handiak sortzen dituztenak

- Energia kontsumo handikoak (ekoizpenean eta erabileran)

- Material ez berriztagarrien kontsumo handikoak (jada eskasiaren zantzuak ikusten hasiak gara)

Zeintzuk dira? altzairugintza, autogintza, azpiegitura handiak eraikitzen dituztenak, energia fosila eta nuklearra ekoizten dutenak, material ez berriztagarriak eraldatzen dituztenak,...

Beharrezkoak eta onargarriak diren enpleguei dagokienez, energia eta material kontsumo baxuko jarduerak izango dira etorkizunekoak, bai ala bai, ez baita baliabide nahikorik egongo. Hainbat sektore daude beharrezkoak direnak bizitza sostengatzeko, eta hain justu, energia eta baliabide xahuketarekin zerikusirik ez dutenak. Existitzen dira jada, baina askoz gehiago garatu behar dira. Adibidez:

- Pertsonen behar guztiak asetuko dituzten enpleguak: Elikadura, energia, eta etxebizitza bezalako beharrak asetzeko lanak.

- Zaintza lanak

- Osasuna, hezkuntza, kultura, ongizatea, edo lan-baldintzak bezalako eskubideak bermatuko dituzten lanak ere.

- Berdintasuna, parte-hartzea, elkartasuna, ondasun komunak eta ekologiari lotutako eskubide unibertsal eraginkorrak aldarrikatuko dituztenak.

- Natura babesteko eta giza jarduerek eragindako inpaktuak “konpontzeko” lanak.

- Gauzak eta objektuak iraun dezaten diseinatuko dituztenak eta konponduko dituztenak.

Indartu beharreko sektoreak izan beharko dira zaintza sektorea, zerbitzu publikoak, agroekologia, basogintza iraunkorra, bidezko energia berriztagarriak, garraio publiko iraunkorra, ekodiseinua, ekonomia sozial eraldatzailea, hondakinen kudeaketa iraunkorra, eta beste hainbat.

Enplegu galera egongo da bai, baina badago lana eta enplegua non sortu.

 

2. Apurka-apurka, langile klasea, kontzeptu bezala garrantzia irabazten ari da. Baina, nola egin trantsizioan langile klasea protagonista izateko?

Etorkizunerako nahi dugun proiektu sozial desiragarria birpentsatu eta demokratikoki erabaki behar dugu: zeintzuk diren behar kolektiboak, eta non inbertitu nahi dugun gure lana. Birpentsatu behar dugun proiektua justua, errealista eta planetaren mugak errespetatzen dituena izan behar da. Aldaketa planifikazio parte-hartzailetik proposatu behar da, bai administrazioan, eta baita enpresetan ere. Gizartean eta ekonomian izango diren aldaketek tentsio eta gatazkak eragingo dituzte, horregatik trantsizioa aurrera eramateko inplikatutako eragile guztion arteko hausnarketa behar da: sindikatuak, langileak, mugimendu sozialak, ekologistak,...

Kapitalismoak ez digu oparituko trantsizio ekosozial justu bat, borroka eginda lortu beharko dugu. Eta langileok protagonista izan behar gara trantsizioan eta etorkizuneko eredu berrian noski. Baina egiari zor, esan behar da ez garela zerotik hasiko, dagoeneko bagara protagonistak borroka honetan. Azken urteetan izaten ari garen konfrontazio maila oso handia da, eredugarria beste herrialde batzuentzat. Langileon antolaketa ezinbestekoa da honetarako, eta autogestioari eta elkartasunari lotuta, erresistentzia kutxa ezinbesteko tresna da ELAn. Ezinbestekoa da grebak denboran luzatzeko, borrokak iraun eta konfrontazio maila hain altua mantentzeko.

Aipatzeko da baita ere azken urte hauetako gatazkarik gogorrenak bizitza sostengatzen duten sektoreetan ari direla ematen. Zaintza lanak gizartean ez daude beste lan batzuk bezain beste baloratuta, zer esanik ez ekonomikoki. Greba luzeenak eta gogorrenak zaintzari eta sektore feniminizatuei loturikoak izaten ari dira, eta izugarrizko garaipenak izan dituzte emakume borrokalari hauek. Batzuk aipatzearren: Gipuzkoako erresidentziak, Bizkaiko erresidentziak, garbikuntza, etxez-etxeko laguntza,...Eta beste asko.

Baina bide honetan ere ez gara bakarrik egon, beste hainbat eragilek ere ondoan izan ditugu, borrokatzen ari ginena ez baitzen soilik lan baldintzen onura bat, sistema dardarka jartzen duten borrokak dira. Injustiziak, berdintasun ezak eta indarkeriak denoi zeharkatzen gaituzte, eta horregatik ari da izaten oso garrantzitsua intersekzionalitatea eta batera borroka egitea, gaur nire aldarrikapenean eta bihar zurean. Aliantzek eramango gaituzte aurrera, baita trantsizio ekosozial justuaren borrokak ere.

 

3. Zein izan daiteke Estatuaren papera trantsizio honetan, lanaren ikuspuntutik?

Estatuaren eta administrazio publikoen papera trantsizio honetan beharrezko politika publikoak garatzea da, eta politika publikoen bitartez prozesu honetarako marko juridiko egokia ezartzea.

Sektore iraunkorren aldeko apustu ekonomiko eta politikoa beharrezkoa da:

Batetik, ezinbestekoa izango da beharrezko baliabide publikoak bideratzea berregituratze hau finantzatzeko, behar sektore estrategikoen garapenerako eta behar ditugun enpleguak sortzeko.

Bestetik, babes soziala bermatzea. Enplegu galerak izango dira iraunkorrak ez diren sektoreetan eta pertsona hauei beharrak bermatu eta beste hainbat laguntza eman beharko zaizkie, esaterako, sektore iraunkorretarantz bideratzeko lanaren birmoldaketa, formazio planak eta ikasketa etengabea bermatu behar dira.

Trantsizio hau posible egiteko ELAtik aldarrikatzen ditugun politika publikoak, besteak beste, honakoak dira:

- Fiskalitatearen erreforma: Iruzur fiskalaren aurkako borroka tinkoa, sozietateen gaineko zerga eta errenta altu eta kapitalen gaineko zergak igotzea, adibidez. Funts publikoekin finantzatu behar da trantsizioaren zati handi bat eta fiskaltasunaren erreforma ezinbestekoa izango da diru sarrerak areagotzeko.

- Gizarte babesa indartzea eta finantziazio egokia ematea.

- Zerbitzu publikoak gehiago garatzea, beharrezkoa den enplegua sortuz.

- Lan jardunaldia murrizketa soldata murrizkerik gabe.

- Lana eta bizitzaren arteko kontziliazio politika sendoa.

- Soldata arrakalarekin bukatzeko politika sendoa.

- Langileon erosahalmena mantentzeko soldatetan KPIaren igoera bermatu behar da.

- Gutxiengo soldata eta gutxiengo pentsioak igotzea eta duinak izatea.

- Energia-sektorea publifikatzea, kontrol publiko eta sozialarekin.

- Energia fosilen menpekotasunetik berriztagarrietan oinarritutako sistema batera eramango gaituen bidezko trantsizio energetikoa abian jartzea.

- Produktu energetikoen prezioak kontrolatzea eta mugak jartzea.

- Energiarako eskubidea oinarrizko eskubide unibertsal gisa onartzea eta merkatu-logika guztietatik kanpo geratzea.

- Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.

- Energiaren BEZaren jaitsiera behin betiko aplikatzea.

- Enpresa energetikoek lortzen dituzten etekinengatik ordaindu beharreko zergak igotzea.

- Ekonomiaren birkokapenean apustua egitea eta ez multinazionaletan.

- Klima-aldaketaren aurkako politika aktiboa. BEGen emisioak nabarmen murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak hartzea.

- Desiragarriak diren sektoreetan epe luzerako inbertsioak egitea.

- Baliabide publikoak mobilizatzea ekoizpen eredua iraunkortasunerantz berregituratzeko.

- Iraunkortasunari loturiko ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+B) irmo babestea.

- Sektore ez-iraunkorren enplegu galerak eragindako langileei laguntzak areagotzea: lan-birmoldaketa sektore iraunkorretarantz, etengabeko prestakuntza sektore denetan eta formazio plan egokiak indartzea.

- eta beste asko…

 

Sindikatuaren papera trantsizio honetan langile klasearen antolaketa, ahalduntzea eta borroka izango da. Gure lekua kalean dago, ez badugu konfrontazioa areagotzen trantsizioa kapitalak bere neurrira egingo du eta ez da izango langileok eta gizartearen gehiengoak behar duen trantsizio ekosozial justua.