“Kopenhageko Akordioa”, lehendik iragarritako porrota (iritzia)
Gailur honen aurretik jada hauxe esana genuen: aurreko negoziazioetan akordiorik lortu ez bada, Kopenhageko COP15ean ere ez da akordiorik lortuko. Tamalez, arrazoia genuen. 2007an, Baliko COP13an Kopenhage bihurgune izango zela erabaki zuten. 11 negoziazio-egun izan dituzte, baina alferrik.
- Negoziazioetan ez da demokrazia-araurik errespetatu. Akordioa herrialde guztien konpromisoen beharrez bazegoen ere, hara bildu ziren 192 herrialdeek ez zuten aukera-berdintasunik izan. Bakan batzuen arteko negoziazioa izan da. “Kopenhageko Akordioa” soilik Estatu Batuek, Txinak, Indiak, Brasilek eta Hegoafrikak negoziatu zuten.
- Borondate politiko eskasa. Agintari askoren jarrera lotsagarria izan da, hara ezer egiteko borondaterik gabe joan baitziren. Ikusi besterik ez dago COP15en emaitza urria. Aurretiaz bagenekien akordio hutsa izango zela, eta hala izan da. Bultzatzaile bakarrak garapen bideko herrialdeak izan dira. Klima-aldaketaren ondoriorik larrienak haiek jasaten ari dira, eta gerora begira haiek ere izango dira jasailerik handienak.
- Kalean demokraziarik ez. Agintarien hitz hutsalak baino ez entzutea oso larria da. Are larriagoa da, ordea, gizarte-mugimenduak isilarazi nahi izatea. Gizarte-mugimenduei eragozpen ugari jarri zieten goi-bilerara sartzeko, geu lekuko; eta beste batzuei, “Vía Campesina” bezain garrantzitsu direnei, debekatu zieten sarrera besterik gabe. Europako herrialderik garatuenetariko batek, Danimarkak, eraso larriak egin zizkion demokraziari: prebentzioko ehunka atxiloketa, manifestazio baketsuen aurkako bortizkeria... Basatia izan zen gizarte-mugimenduak isilarazteko estrategia, baina ez zuten lortu.
- Zalantzazko etorkizuna. Kopenhageko Akordioa ez da ONUren agiri ofiziala, ezta loteslea ere. Sinatzaileek ez zuten zehaztu igorpenen mailarik, ezta teknologia eskualdatzeko finantzaketarik ere. Akordio politikoa izan zen, negoziazio-prozesuaren 2010eko urratsa. Akordioari atxikitzeko muga-eguna urtarrilaren 31 zen, eta ONU osatzen duten 192 herrialdeetatik 93k atxiki zioten. Herrialde bakoitzak bere konpromiso ez-lotesleak finkatu ditu, baina oso urrun geratu dira hasierako %40ko murrizketatik.
Sinatzaileen esanetan une erabakigarria Mexikoko COP16 izango da, 2010eko abenduan; baina ba ote dute sinesgarritasunik? Baliko COP13an, 2007an, Kopenhage aipatu zuten abagune moduan, nork sinetsiko du orain Mexikon zerbait egingo dutela?
ELAk salatu behar du berriro agintarien borondate politiko eskasa eta interes eta botere ekonomikoen alde agertu izana. Denbora alferrik galtzeko inor ez badago ere, milioika lagunok parte hartu dugu munduan manifestazioetan, klima-aldaketari aurre egiteko eskatuz, eta bestelako aukerak erakusteko ahaleginduz.