2020ko Glasgowko klimaren negoziazioak erabakigarriak izango dira

2020/03/31
Gaur egun, oso urrun gaude tenperatura 1,5 edo 2 gradutara mugatzetik, Parisko Akordioaren helburuak betetzetik. NBEren arabera, beharrezkoa da herrialde guztiek erakustea hamarkada honetan emisioak %45era murriztea lor daitekeela, eta mende erdirako zero emisio garbiak lortuko direla.

 

Hori da berotze globala 1.5 gradura mugatzeko modu bakarra. NBEko idazkari nagusiak adierazi duenez, aurten Glasgowen ospatuko den Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren arrakasta, herrialdeek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak emisio murrizketan, klima aldaketara egokitzean eta finantzetan anbizioa areagotzeko hartuko dituzten neurri garrantzitsuen araberakoa izango da. NBEko idazkari nagusiaren arabera, hauek izango dira klima aldaketa arintzeko lau lehentasunak:

  • Plan Klimatiko nazionalek eta herrialde mailan zehaztutako ekarpenek anbizio handiagoa erakutsi behar dute. Are gehiago, Pariseko Akordioaren arabera, herrialdeek euren planak erabat ezartzen badituzte ere, mende honetan oraindik 3 graduko berotzera iritsiko da planeta. Herrialdeek 2025erako edo 2030erako helburu argiak ezarri behar dituzte.

  • Herrialde guztiek 2050erako zero emisio garbiak lortzeko estrategiak ezarri behar dituzte. Orain arte, 70 herrialdek iragarri dute 2050erako karbono neutraltasunarekin konprometituta daudela. Baina horrek emisio globalen laurdena baino gutxiago suposatzen du. Igorle handienek konpromisoa hartu behar dute, edo ahaleginak alferrik izango dira.

  • Programa sorta sendoa. Komunitateei eta herrialdeei klimaren aldaketetara egokitzen eta erresilientzia garatzen lagunduko dieten proiektuak eta ekimenak behar dira. Baina ez dezagun ilusiorik egin, klima aldaketa kalte handiak eragiten ari da jada, eta gehiago eragingo ditu etorkizunean. Egokitzapen planak giltzarri izango dira.

  • Glasgowko COP26rako, 2020ko azarorako, klima aldaketa gehien sortzen duten herrialde aberatsenek urtean 100 mila milioi dolar mobilizatzeko konpromisoa bete behar dute. Energia berriztagarrietan eta teknologia berdeetan inbertsioak handitu egin behar dira.

Ez gaude ELAn oso itxaropentsu klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko negoziazioekin, eta, beraz, 2020 honetan ere lan egingo dugu hurbilen ditugun erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, klima-aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak har ditzaten:

  • Energia berriztagarrien aldeko benetako apustua, bai sorkuntzan, bai (auto)kontsumoan.

  • Iturri fosilen bidez energia sortzean oinarritutako proiektuak inola ere ez sustatzea, ezta energia fosil asko kontsumitzen duten proiektuak ere.

  • Zero isuriko garraio kolektiboa garatzea, herritar guztiengana iritsiko dela bermatuz.

  • Elikadura burujabetza bultzatzen duten proiektuentzat laguntza gehiago, batez ere nekazaritzan eta jantoki kolektiboetan.

  • Murrizketan oinarrituko diren hondakin industrial eta hiri hondakinen planak, mota guztietako proiektu kutsagarriak zuritzeko gure erakundeek erabiltzen duten ekonomia zirkularraren propaganda alde batera utziz.

  • Benetako ekonomia zirkularrean oinarritutako errekonbertsio industriala sustatzea.

  • Ekonomiaren birkokapena bultzatzea, multinazionalei ematen zaien gehiegizko bultzada alde batera utzi, pertsonen eta merkantzien mugikortasuna murriztu eta herrialdearen aberastasuna lurraldean banatzen dela bermatuz.

  • Bizitze-onaren ekonomiarako neurri eraginkorrak hartzea, bizitza erdigunean jarriko dutenak: kontziliazio neurri errealak, zaintza sare publikoa, osasun eta hezkuntza sistema publikoetan sakontzea eta gizarte laguntzen egungo estaldura handitzea.

Neurri horiek, eta ELAk gure erakundeei eskatzen dizkien beste asko, klima aldaketari aurre egiteko behar ditugunak dira, baita zalantzaz beteriko etorkizun honek ekarriko dizkigun beste erronka batzuei aurre egiteko ere.