KLIMA ALDAKETA
2024 urtea historiako beroena eta 1,5 graduko berotze muga gainditzen lehena izan zen

Copernicus klima zaintzeko zerbitzuak uda honetan ohartarazi zuen dagoeneko 2024a planetako beroena izan litekeela erregistroak daudenetik, eta hala baieztatu da. Erregistroak daudenetik, planetako urterik beroena izan da, eta batez besteko tenperaturak industria iraultzaren aurreko maila 1,5 °C-an gainditu duen lehen urtea, 1,55 °C-ra iritsiz. Datuek adierazten dutenez, 2024ko urriko tenperatura industriaurreko maila baino 1,65 °C altuagoa izan zen, eta datu honek airearen munduko batez besteko tenperatura 1,5 °C-tik gorakoa izan den 16 hilabeteko segida bat osatu du.
Negazionismorik ere ezin du ukatu erregistratutako datu multzo osoa. Klima aldaketa egunero kolpatzen gaituen errealitatea da. Inoiz baino uda beroagoak izan ditugu Euskal Herrian, penintsulan DANA batek aurretik eraman zuen Valentzia eta 200 pertsona baino gehiago hil ziren; eta Los Angelesen suak hiriaren zati bat suntsitu berri du. Hori guztia urtebete baino gutxiagoan gertatu da, eta 2025 honetan gertakari katastrofiko gehiago ezagutuko ditugu, ez dago zalantzarik.
Baina, zerbait egin ahal dezakegu? Bai. Alde batetik, klima aldaketaren ondorioetara egokitu beharko dugu. Institzio publikoek ondorioak neurtu behar dituzte, eta politika publikoen bidez geldiarazi, hainbat arlotatik: larrialdiak, osasuna, azpiegiturak, etab. Gainera, klima aldaketak okerrera egitea saihestu behar dugu, eta, horretarako, berotegi efektua eragiten duten gasen emisioak murriztu behar dira. Hori gerta dadin, eta gure ekoizpen eta kontsumo eredua kontuan hartuta, trantsizio ekosozial sakon bat premiazkoa da.
ELAn lanean ari gara gure lan esparrutik trantsizio hori posible izan dadin, politika publikoen inguruko proposamenak eginez eta negoziazio kolektiboaren bidez neurriak exijituz. Eta hala jarraituko dugu langileontzat trantsizio ekosozial justu bat izan dezagun.