2030erako EAEko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planari hobekuntzak proposatu dizkio ELAk

2021/07/26
2020rako Plangintzaren ondorioz lortutako aurrerapena nahiko urria izan da, eta beraz, 2030erako helburuak askoz zorrotzagoak izan beharko dira. ELAk aldarrikatzen dituen helburuak, plan honek ezartzen dituenak baino zorrotzagoak dira, baina egingarriak ekonomia zirkularra bultzatu nahi duen herrialde batean.

2030erako Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Plana baloratu aurretik, aurreko Hondakin Planaren emaitzak baloratu behar dira, eta zoritxarrez, bete ez diren helburuak hainbat izan dira. Hondakinen sorrera %10ean murriztu behar zen baina murrizketa %4an geratu da. Bilketa selektiboa %75era iritsi behar zen eta %63an geratu da. Birziklapen, berrerabilpen eta balorizazio materialaren tasa, 2010etik 2020ra %53tik %63 eskasera pasa da, baina planak berak onartzen duenez, helburua nahiko eskasa zen (%60) eta bete egin da. Beraz, 2020rako Plangintzaren ondorioz lortutako aurrerapena nahiko urria dela esan daiteke, eta 2030erako helburuak askoz zorrotzagoak izan beharko dira beraz:

  • 2030erako markatu diren helburu estrategikoei dagokienez, prebentzioa edo hondakinen sorreraren murrizketa neurtzeko adierazlea aldatu egin da, orain BPG unitateko sortzen den hondakin kopurua erabiliko da. Ez zaigu adierazle egokia iruditzen, hondakinak ez baitira jarduera ekonomikoari soilik lotuta sortzen. Adierazle honekin diagnostikoak egin eta neurriak proposatzerako garaian eraginkortasuna gutxitu daitekeela uste dugu.

  • Bilketa selektiboari dagokionez, 2030erako helburua %85era iristea da. Helburu hau anbiziotsuagoa izan behar da, dagoeneko EAEn badaude helburu hau bete duten udalerriak, beraz bilketa selektiboaren sistema aldaketarekin soilik asko hobetu daitekeen datua izanik, helburua gehiago gerturatu beharko litzateke hondakin guztiak selektiboki biltzera, %95ean geratuz.

  • Balorizazioaren atalean, positibotzat jotzen dugu balorizazio materiala eta energetikoa argi bereizi izana, eta bakoitzari bere helburua jarri izana. Honi lehentasunen hierarkian materiala energetikoaren aurretik jartzea gehitu behar zaio. Helburuei dagokionez, egokia iruditzen zaigu balorizazio materiala %85a izatea. Bestalde, balorizazio energetikoari %15eko muga jartzea ere oso egokia da birziklapena bultzatzeko. Baina helburu honi beste bi baldintza jartzea eskatzen dugu: materialki balorizatu daitekeen ezer energetikoki ez balorizatzea eta epe erdian, 2025ean, helburu hauek berrikustea eta denboraz aurretik betetzeko bidean daudela ikusten bada, helburuen exijentzia maila handitzea. %90era igo balorizazio materiala eta %10era jaitsi balorizazio energetikoaren muga.

  • Azkenik, hondakinak zabortegira eramatearen helburua %15a ezarri den arren, helburu hau %10era jaistea eskatzen dugu. Aurreko ataletako helburuak betez, posible izango baita %10a betetzea. Eta noski, Europako Zuzentarauek exijitzen duten bezala, birziklatu daitekeen ezer zabortegietara ez eramateko legedia zorrotz betetzea eta honen gaineko kontrola estutzea, azken urteetan egin ez dena eta Zaldibarko zabortegian argi geratu dena.

ELAk aldarrikatzen dituen helburuak, Planak ezartzen dituenak baino zorrotzagoak dira baina egingarriak ekonomia zirkularra bultzatu nahi duen herrialde batean.