ZALDIBAR
5 urte Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik eta oraindik ere erantzukizunak exijitzen jarraitzen dugu

Otsailaren 6an bost urte beteko dira Zaldibarko zabortegia behera etorri zenetik. Bi langile hil ziren ezbeharrean. Geroztik, Zaldibar Argituk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin eta Ekologistak Martxanekin batera, herri akusazio moduan dihardu ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auzian. Zerbait argitzen lagunduko zuelakoan abiatu zen epaitegietako bidea. Langileen osasunaren aurkako delituak aztertu zituen auzibidetik kanpo utzita, gerora ikusi zen moduan, akusatuekin negoziazioa errazteko. Verter Recyclingeko arduradunek zuhurtziagabekeriazko bina hilketa onartu, eta espetxea saihestea lortu zuten.
Irekita dagoen auziak, ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituena, bost urte beteko ditu instrukzio fasean. Horrekin ia dena dago esanda. Ezinbestekoa da lehenbailehen instrukzioa amaitzea eta epailearen ondorioak ezagutzea.
Erantzukizun politikoei dagokienez, inork ez du ardurarik hartu. Urkulluk, Tapiak eta Arriolak, esaterako, beraien ardura aitortu gabe utzi dute jardun politikoa. Eta beste hainbatek ere ez du inolako erantzukizunik hartu.
Berriro gerta ez dadin eta gertatutakoa inork ahaztu ez dezan, otsailaren 9an, 12:30etan Eitzagan ekitaldian izango gara.