Abiadura handiko trenari ez! Gizarte-tren baten alde (iritzia)
Nafarroako eta Espainiako gobernuek eutsi egiten diote, oraindik ere, abiadura handiko trena Nafarroan eraikitzeari. Egin gabe daude AHTaren behin betiko trazadura eta ingurumen-eraginaren azterketa. Hala ere, proiektuak aurrera egiten du. Baina obra hori ez da doakoa izango. Gobernu espainiarrarekin sinaturiko hitzarmenaren arabera, administrazio nafarrak obren kostuaren %57 (387,65 milioi euro) aurreratu beharko du, eta interesen kostua bere gain hartu (45 milioi euro). Diru-kopuru hori aurreratu ahal izateko, beste kontusail batzuetatik murriztu beharko du (2010ean 107 milioi murriztu du). Eta proiektuak aurrekontuan jasotakoa baino gehiago kostatzen badu, gainkostua ere Nafarroako Gobernuaren kontura joango da.
Tren hori ez da beharrezkoa; aitzitik, kaltegarria ere gertatuko da. Administrazioak ez du informaziorik ematen, eta jendeak ez daki ziur AHT zer den. Obra hori zuritzeko eman ohi diren argudioak gezurrezkoak dira. Egia esan AHT:
- Ez da izango beste garraiobideen ordezkoa, eta oso jende gutxik erabiliko du.
- Tren hori ez da gauza izango salgaiak garraiatzeko, beraz aurrerantzean ere milaka kamioi ibiliko dira errepideetatik orain arte bezala.
- Ziurtatu den geltoki bakarra Iruñekoa izango da; baina, joan-etorri gehienak Nafarroako lurraldearen barrukoak direnez, trafikoa ez da arinduko.
- Badago tren azkar bat (Alvia), AHTren ibilbide bera egiten duena, eta AHT baino askoz merkeagoa. Zertarako egin beste azpiegitura bat, baldin eta badagoenak zerbitzu berdina eskaintzen badu arrazoizko denboran?
- AHT eraiki eta gero, linearen mantentze-kostua urtean 21,4 milioi eurokoa izango da (100.000 € kilometroko). Herritarren benetako interesak betetzeko inbertsioak murriztuko dira. Benetako beharrizanak hezkuntza, osasuna eta etxebizitza dira. Hezkuntzara diru publikoa bideratzen duen azkena Nafarroa da Europako hurrenkeran.
- AHTk ez du sortuko suntsituko duen adina enplegu, orain arteko lineak kenduko direnez lanpostuak galduko baitira. Dauden lurraldeen arteko desorekak, konpondu beharrean, areagotuko ditu.
- Azpiegitura horrek obra erraldoiak behar ditu. Ingurumen-hondamena itzela izango da, eta berroneratu ezina.
Hainbat antolakunde sozial eta sindikal proiektu horren aurka agertu gara, baina herritarren iritzia ez da kontuan hartzen. AHTren bideragarritasuna sinestarazi nahi digute, baina argi dago ez dela bideragarria inongo ikuspuntutik (ekonomia, gizartea eta ingurumena).
Funtsik gabeko makroproiektu horrek badu aukerako ordezko bat: tren soziala. Tren-sare jasangarri bat, herritarren benetako beharrizanak beteko dituena. Tren hori garraio-sistema orokorrean txertatzeko modukoa izan behar da, lurralde-eredu jasangarri bat lortzeari begira. Tren horrek ez du eskualderik bazterrean utziko.
Horretarako, oraingo sarea hobetu behar da, burdinbideak egokituz tren azkarragoetara eta bitarikoetara (bidaiariak+salgaiak), eta Europako sareari lotuz. Tren sozial horrek ingurumen-kalte txikiagoa eragingo luke, eta energia aurreztuko.
Aipaturiko arrazoiak direla-eta, ELAk proiektua eta hitzarmena bertan behera uzteko eskatzen du, lurralde- eta gizarte-eredu jasangarri baterako lagungarriak izango ez direlakoan. Benetako eztabaida bat gizarteari irekitzeko eskatzen dugu, lurralde- eta gizarte-eredu zuzenago bat lortze aldera garraio-politikarik egokiena herritarrek berek erabaki dezaten.