AHTak ez duela merkantziarik eramango berretsi dute Burgos eta Gasteiz arteko linearen proiektuan ere

2022/01/14
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Burgos-Gasteiz AHT linearen proiektuaren dokumentu informatiboa behin betiko onartu berri du, eta pertsonen garraiorako soilik izango dela berresten du. ELAk urteak daramatza esanez AHTa ez dela merkantzien garraiorako izango. Eusko Jaurlaritza ordea merkantzientzat erabilgarri izango dela esaten tematzen da, jakinik ez dela egia.

 

AHTren Burgos-Gasteiz zatia bidaiarientzat soilik izango dela jakitea garrantzitsua da. Eusko Jaurlaritzak, AHTari esker kamioaik errepideetatik ateratzea lortuko denaren argudioa erabiltzen baitu behin eta berriz alferrikako proiektu hau justifikatzeko. Badakigu munduan zehar dauden AHT lineek, inork, ez duela merkantziarik garraiatzen, Tapiak berak onartu zuen. Baina hemen ere ez dela egingo berrestea garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzaren aspaldiko tranpa hau agerian geratzeko.

2017 urtean PPren gobernuak argi utzi zuen Burgos-Gasteiz linearen aurkezpena egin zuenean. Pertsonen garraiorako soilik izango zela esan zuen, tarte horretan zeuden desnibelek ezinezkoa egiten zutela bide berean pertsonen eta merkantzien garraio mistoa egitea. Argudio tekniko honek Euskal Herrirako ere balio du, halakoa baita Euskal Herria ere, malkartsua, eta arazo bera izango da.

Momentuko Garraio Ministroak adierazpen hauek egin zituenean, Eusko Jaurlaritzak, Urkullu buru zuela, esan zuen ez zegoela ados diseinu honekin eta oraindik proiektua itxi gabe zegoela. Arantza Tapia ere bildu zen espainiar gobernuarekin merkantzien garraioa AHT bidez egiteko exijituz. Orduan onartu zuten AHTak Gasteiz eta Burgos artean merkantziarik eramango ez badu alferrik eramango zituela Euskal Yak merkantziarik, ezingo baitzen Europa eta Estatuko linea bateratu bat izan. Baina errealitatea zein zen jakitun ziren orduan ere EAEko agintariak, eta AHT bidez merkantziak eramatea garestiegia bazen, gutxienez dagoeneko eraikitako trenbide sarean merkantzientzat 3. bide bat gehitzea exijitu zuten. Baina Garraio Ministerioak ez zien kasurik egin, ez AHTan merkantziak garraiatzeari eta 3. bidea eraikitzeari. Burgos eta Gasteizko linearen behin betiko diseinua publiko egin duten honetan, merkantziei AHTaren bidea behin betiko ixteaz gain, Ministerioak ez du ezer aipatzen gaur egungo trenbidean merkantzientzat edo prestazio altuko trenentzat beste bide bat eraikitzearen inguruan.

ELAk urteak daramatza dugun trenbide sarea hobetu behar dela aldarrikatzen, baina EAEko, Nafarroako eta Estatuko gobernuek ez dute interes bera. AHTaren proiektu onartezinean dirutza xahutzen jarraitzen dute, gastu sozialean murrizketak egiten eta eraikitako trenbide sareak hiltzen uzten dituzten bitartean. Ondorioz, merkantzientzat erabilgarria ez den trenbide sare bat, eta pertsonen beharrak kontuan ez dituen eta hilzorian dagoen aldirietako sare bat ditugu.

Garraio eta mugikortasun ereduaren aldaketa beharrezkoak dira trantsizio ekologikoa eta soziala burutzeko, eta orain dute aukera paregabea klima aldaketari aurre egiten laguntzen dion trenbide sare jasangarri bat bultzatzeko. Baina pertsonak eta ingurumena ez dira arduradun politikoen lehentasuna, beste interes batzuk dituzte atzean.