AHT
AHTaren inguruko eztabaida nagusia ez da lotura Gasteiztik edo Ezkiotik egin behar den

Azken asteetan agintari ezberdinak entzuten ari gara Nafarroa eta EAEko AHTaren lotura Ezkiotik edo Gasteiztik egin behar den iritzia ematen. Badirudi eztabaida bakarra horixe dela. Honek AHTaren inguruko benetako eztabaida albo batera utzi du, ea horrelako azpiegitura bat behar dugun edo ez.
AHTaren inguruan urteetan egindako salaketa guztiak gogora ekarri behar ditugu, benetan azpiegitura honek zer suposatzen duen argi uzteko. Alde batetik arrazoi ekonomikoak daude. Oscar Puente espainiako ministroak berak aitortu du dagoeneko 5.000 milioi euro kosta direla obra hauek, baina lanak bukatzerako kostea 9.000 milioi eurora igoko dela. Noski, diru hau beste partida batzuetatik bideratu behar da, eta nola ez, gastu sozialean murrizketa handiak suposatu ditu orain arte, eta aurrerantzean ere hala izango da.
Ingurumen ikuspuntutik gure lurraldea tunelez eta zubi erraldoiez betetzen dituen tren honek, gainera, eragin negatibo asko ditu tokian-toliko ekosistemetan, akuiferoetan, paisaian,...
Pertsona gutxi batzuek erabiltzeaz gain, azpiegitura honek gertuko tren zerbitzuak desagertaraztea ere ekartzen du, beraz zerbitzu askoz okerragoa izango da. Herriak lotzen dituen tren soziala da AHTaren alternatiba, dagoeneko baduguna eta hobetu behar dena. Inbertsioa ditugun trenbide sarea hobetzera joan behar da, ez gutxi batzuk erabiliko duten azpiegitura zentzu gabe batera.
Baina kalte guzti hauek kontuan ez dituen eztabaida batean ari dira agintariak, hitz batean, non egin hurrengo kaltea. ELAn argi dugu eztabaida ez dela hori, AHTrik ez dugu behar eta arrazoiak sobera daude.