Aldaketaldia, Zaldibarko hondamendiaren urteurrenean larrialdi ekologikoaren aurrean mobilizatu gara

2021/02/04
Urtarrilaren 30ean, mobilizazio eguna deitu zen ALDAKETALDIA izenarekin. Mobilizazio horiek auzo, herri eta eskualdeetan egin dira, Zaldibarko hondamendia gogoratuz. ELA bultzatzaileetako bat izan da eta mobilizazioetan parte hartu dugu.

Larrialdi ekologikoarekin lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egin dira Gipuzkoa eta Bizkaiko herri eta hirietan urtarrilaren 30ean, Zaldibar gogoratuz eta tokian tokiko problematikari helduz: erraustegia, metroa, AHTa, hondakinen kudeaketa, kutsadura, alternatiben sustapena, etab.

Azken finean, Zaldibarko luizia eragin zuen oinarri bera da erraustegiak, AHTa edo Donostiako metroa martxan jarri zituena. Sistema honek etekin ekonomikoa jartzen du guztiaren aurretik, baita langile klasearen bizitza eta bizi baldintzen aurretik ere. Eta pertsonez gain, ingurumena esplotatu beharra dauka sistema kapitalistak salgaiak ekoitzi eta etengabeko hazkunde bat mantentzeko.

Ekosistemarekin harreman jasangarri baten eta planeta mugatu batean aberastasun pilaketa mugagabearen arteko talka etengabea salatu nahi dugu, hau da, bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka. Lehenengo konfinamenduan ikusi genuen nola borondatea dagoenean agintariek erabakiak hartu eta sistemaren makineria gelditu dezaketen. Argi utziz, gainontzeko kasu guztietan: etxegabetzeak, erreforma fiskala, erresidentziak, osasungintza, aurrekontuak, pentsioak, hezkuntzan eta abarretan, ezer egin ez badute, nahi izan ez dutelako izan dela.

Pandemiak agerian utzi du berriro, baina gogoratu behar da lehendik ere ohartarazi gintuztela komunitate zientifikotik OMSek, IPBESek eta abarrek bioaniztasuna dela animalia jatorriko gaitzentzako txertorik onena. Azken hamarkadetan, biderkatu egin dira animalietatik gizakietara transmititutako gaitzak: HIESA, ebola, zika... baita elikagaien ekoizpen eredu industrial eta abereen monolaborantza genetikoaren ondorioz sortuak: hegazti-gripea, zerri-gripea, behi eroen gaitza eta abar. Honi guztiari, batu behar zaio Lurraren beroketak hegoaldekotzat geneuzkan gaitz asko geroz eta iparralderago agertzea eragiten ari dela. Esaterako, denguea eta malaria.

Pentsa, petrolioan ere izan zuen eragina pandemiak, mundu mailako burtsetan negatiboan kotizatzera heltzeraino.

Ingurumenaren kolapsoaren perspektibatik galdera ez da mundua aldatzea nahi dugun, ezinbestean aldatzen ari delako, galdera da norantza eman nahi dugun aldaketa hori.

Alde batetik kapitalismo “berdea”-ren aukera daukagu. Eta bestetik, planetaren muga biofisikoak aitortzea daukagu. Onartzea, larrialdi egoera batean gaudela eta gizakiok, ezinbestean, gutxiagorekin bizitzen ikasi beharko dugula. Birpentsatu beharra dugu zenbat den “nahikoa”, eta horrek eredu ekonomikoaren aldaketa dakar, esfera mugatuagoak, bertakoagoak. Agerikoa da, materialki, desazkunde ekonomiko saihestezin bateruntz goazela. Ea nola egingo dugun da gakoa.