Argindarra %4 igo da apirilean

Trantsisio Ekologikorako Ministerioak pasa den urriaren 5ean energia sorkuntzari aplikatzen zitzaion %7ko zerga bertan behera uztea erabaki zuen. Eta orain zerga hau berriro ezartzea erabaki dute. Emandako azalpenak ez du zentzu handirik. Teresa Ribera Ministroak esan du PSOEk fiskalitate energetikoan erreforma estrukturala egin nahi duela, baina hauteskunde garaian ezinezkoa dela horrelako erreforma handia egitea. Gauza batek ez du bestea kentzean, hau da, erreforma sakon bat egin dezake gobernuak epe ertain edo luzera, baina horrek ez du esan nahi dagoeneko hartutako erabakietan atzera egin behar denik. Izan ere, erabaki horretan atzera egiteak ondorio larriak ditu herritarrontzat: gu guztiontzat oinarrizko beharrizana den argindarra garestituko da, prezioak %4ko igoera izango duelako.
Zerga hau azken 6 hilabeteetan ordaindu ez izanak aurrezki bat suposatu du. 2.600 Kwh kontratatuta duenak, adibidez bakarrik bizi den eta tresna elektriko gutxi erabiltzen dituen jubilatu batek, epe honetan 49,48€ aurreztu ditu. 90 metro karratuan bizi den familia batek, 4.000 Kwh kontratatuta, 76,14€ aurreztu ditu. Eta 6.000 Kwh kontratatuta duten txalet batean 114,2€ aurreztu dute.
Elektrizitatearen prezioa aztertzen badugu, sistema oso injustua aurkitzen dugu. Tramoka ordaintzen da eta gutxien kontsumitzen duenarentzat argindarraren prezioa askoz ere garestiagoa da kontsumitzaile handien tramoetan ordaintzen dutena baino. Europarekin alderatzen badugu, gutxien kontsumitzen den tramoan (<1.000 Kwh) espainiar Estatuan 0,57 zentimo ordaintzen da Kwh-ko, Europar Batasunean batez beste Kwh-ko 0,33 zentimo ordaintzen den bitartean. Kontsumo tramo handienetan ordea espainiar Estatuan 0,17 zentimo ordaintzen da Europar Batasuneko 0,18 zentimoko batez bestekoaren pare. Sistemak gehien kontsumitzen duena saritzen du, energia aurrezten duena zigortzen duen bitartean. Zergen atalari begiratzen badiogu, argindarrari aplikatzen zaion fiskalitatea ere guztiz injustua dela ondorioztatzen dugu, sistema erregresiboa da guztiz. Batetik, %21eko BEZa aplikatzen zaio, oinarrizko behar bati oinarrizkoak diren tramoetan aplikatu beharko litzaiokeen tasa murriztua (%10) edo oso murriztuaren (%4) ordez. Eta bestetik, elektrizitateari aplikatzen zaion zerga %4,8 da guztientzat, inongo progresibitaterik gabe, hau da, gehin kontsumitzen dutenak edota errenta maila altuenak dituzenak (normalean berberak dira) pobrezia enegetikoa pairatzen dutenen zerga tasa bera ordaintzen dute. Eta bukatzeko, elektrizitatearen faktura osoan zergek duten pisuari erreparatzen badiogu, espainiar Estatuan zergek %21,36ko pisua dute Europar Batasunean %40,43 suposatzen duten bitartean. Datu honek ere begibistan uzten du zer nolako sistema injustua pairatzen dugun. Europan fakturaren atal handi bat zergetara, eta ondorioz diru publikora, itzultzen den bitartean, espainiar Estatuan elektrizitate enpresa handien irabazietara joaten da.
Beraz, azken 6 hilabeteetan izan dugun aurrezkia ez da sistema justuago baten ondorio izan, enpresa handiei zergak gutxituz eman zaien onuraren ondorio baino. Egia da sektore energetikoan erreforma sakon bat behar dela, baina horretarako norabide egokian begiratu behar da eta politika injustuak aldatzeko borondate politikoa izan.