Argindarraren prezioa orduka ezartzea, edo berdin esanda, injustua den sistema ez aldatzeko erabakia

2021/06/10
Argindarraren prezioaren arazoa ez da ordukako tarifarekin konpontzen. Aldaketa honek herritarrok nahasteko bakarrik balio du, eta kasu askotan, hilabete bukaeran ordainduko duguna garestitzeko. Eta ondorioz, enpresa elektriko handiek gehiago irabazteko, noski.

Ekainaren 1etik aurrera indarrean da jada argindarraren ordukako tarifa, egunean zehar argindarrak prezio ezberdina izango du. Europako Zuzentarau batek derrigortzen du aldaketa hau egitera, eta bere helburua ordu puntetan sistema ez gainkargatzea da.

Praktikan, energia kontsumitzaileentzat eragozpenak eta ondorio kaltegarriak sortuko ditu. Faktura asko igotzea ez badugu nahi, kontuan izan beharko ditugu ordu hauek.

Elektrizitatearen prezioa eta bere etengabeko igoerak, arrazoi ezberdinak medio, behin eta berriro pizten den eztabaida da. Neguan hotza egiten duenean garestitzen delako, udan bero boladekin kontsumoa igotzen delako, energiaren fiskalitatea ukitzen den bakoitzean, eta orain etxeko lanak egiteko orduak aldatu beharko direlako.

Baina eztabaidaren oinarria ez da meteorologia edo tarteka egiten diren azaleko aldaketak, oinarrian energiaren sistema guztiz injustu bat dago. Sistema hau bidezkoa ez izateko hainbat osagarri daue, baina hemen esangurasuenak.

  • Energia sortzeko hainbat iturri erabiltzen dira eta sistemak hierarkia baten arabera erabiltzen ditu, lehenik berriztagarriak erabiliz (ekoizpen merkeagoa), eta ondoren berriztagarriak ez direnak (ekoizpen garestiagoa). Baina prezioa finkatzeko ez da benetako kostearen arabera kalkulua egiten, sistemara sartzen den azken energia unitatearen prezioaren arabera ezartzen da. Sistemak jartzen duen hierarkiaren arabera gas naturalaz sortutakoa izaten da sisteman azkena sartzen dena, ekoizpen garestia duena, eta honek energia guztia garestitzen du. Justuena ekoizten den prezioan ordaintzea da eta aldaketak norabide horretan egin behar dira, are gehiago berriztagariak merkeenen artean egonik.

  • Energiak %21ko BEZa dauka, eta bzitzeko oinarrizkoa den hornidura izanda, askoz ere BEZ murriztuagoa izan beharko luke.

  • 90. hamarkadan sektorea pribatizatu zenetik, hartzen diren erabakiak enpresen irabaziak bermatzeko egiten dira eta ez herritaren beharrei bidezko sistema batekin erantzuteko. Beharrezkoa da energia sektorearen publifikazioa, edozein oinarrizko zerbitzu sare publkoak kudeatu behar dituen bezala.

  • Ezkutuan dauden peajeak, energiarik sortzen ez duten instalazioei ordainketak,... hilabeteroko fakturetan ordaintzen dizkiegu. Fakturaren pisu handiena eta sistemaren bidegabekeria guztiak fakturaren alde finkoarekin ordaintzen ditugu, energia aurrezteak ez du fakturan beherakada handirik suposatzen. Ezkutuan ordaintzen diren kuota guzti hauek desagertu egin behar dira.

Sistema energia enpresa handiek irabaziak izateko eraikita dago, ez kontsumitzaileek dituzten beharrei erantzuteko. Eta urtean zehar egiten diren azaleko aldaketak herritarrei saltzen dizkiguten arren, benetako aldaketak enpresen mesederako egiten direnak dira.

Ez gaitzatela orduen nahastearekin nahastu, egin ditzatela sistema justuago bat izateko behar diren aldaketak: argindarraren prezioa ezartzeko sistema aldatu, energia sektorea publifikatu, eta herritarren onurarako sistema bat ezarri.