Argindarraren prezioaren igoeraren aurrean, energia sektorea publifikatu

2021/02/04
Azken asteko tenperatura baxuek argindarraren fakturak gora egitea eragin du, baina gorakada hau ez da kontsumoaren igoerari lotutako soilik, energiaren sektoreak prezioak finkatzeko duen sistema horrela pentsatua dagoelako gertatzen da.

Elektrizitatearen prezioa egoera meteorologikoari oso lotua egoten da. Hotz handiak daudenean, orian gertatu den bezala, edo udan bero boladak ditugunean, prezioaren gorakadak sufritzen ditugu. Kontsumoak gora egiten duenean prezioa izugarri igotzen da, baina hau ez da kontsumoaren igoera soilarekin azaltzen. Kontsumo pikoak daudenean gehiago ordaindu behar izatea logikaren barruan dago. Are gehiago pandemia egoera honetan, alde batetik gehiago baikaude etxean, eta bestetik leku itziak aireztatuta egon behar izateak berogailuen erabilera asko igotzen delako.

Berriztagarriek argindarrean duten aportazioa oso baxua da inbertsio faltaren erruz. Ondorioz sisteman sartu beharreko argindar gehigarri hori gas naturalaz sortua da eta gas naturalaren prezioa beste iturrietatik lortutako argindarra baino garestiagoa da. Baina gehiagarri horren prezioak soilik garestitzen al du elektrizitatearen faktura? Ez, garestitze izugarri honen atzean elektrizitatearen prezioak ezartzeko sistema dago. Nola ez, enpresa elektriko handien mesedetarako egina dagoena:

Energia sortzeko hainbat iturri erabiltzen dira eta sistemak hierarkia baten arabera erabiltzen ditu, lehenik berriztagarriak (ekoizpen merkeagoa) erabiliz, eta ondoren berriztagarriak ez direnak (ekoizpen garestiagoa). Baina prezioa finkatzeko ez da benetako kostearen arabera kalkulua egiten, sistemara sartzen den azken energia unitatearen prezioaren arabera ezartzen da. Sistemak jarten duen hierarkiaren arabera gas naturalaz sortutakoa izaten da sisteman azkena sartzen dena, ekoizpen garestia duena, eta honek energia guztia gas naturalarekin ekoiztuko balitz bezala ordaintzea suposatzen du. Hau da, zenbat eta kontsumo altuagoa izan, prezioa garestiagoa da. Sistema hau guztiz injustua da, batez ere neguan eta hotz boladak etengabe ditugunean energiaren faktura izugarri igotzen delako, eta ez gehiago kontsumitzen dugulako, energia sektoreak behar horretaz baliatuz ahalik eta etekin gehiago sortzeko mekanismoak erabiltzen dituelako, gobernuen konplizitatearekin.

90. hamarkadan, energia sektorea pribatizatu zenean, saldu nahi izan zuten sektore pribatuak merkatuko prezioak konpetitiboagoak izango zirela kontsumitzaileen mesedetan. Argi geratu da energiaren pribatizazioak, beste sektore askotan bezala, sektoreko enpresa handien mesederako balio duela eta kontsumitzaileok guztiz babes gabe geratzen garela beraien aurrean. Pribatizazioak ez du funtzionatu prezio justuak mantentzeko, gutxi batzuek negozioa egiteko baizik. Energia sektorea berriro publifikatzea behar beharrezkoa da.

Arrazoi guzti hauengatik ELAk elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea eta energia sektorea berriro publifikatzea exijitzen du.