MAKROPROIEKTUAK

ELAk Aroztegiako proiektua gaitzetsi eta auzipetuei elkartasuna adierazi die

2025/01/30
Otsailaren 1ean, Iruñean Epaitegietatik 16:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du sindikatuak, proiektua gaitzetsi eta auzipetuei elakartasuna adierazteko.

Aroztegia proiektua 300 biztanle dituen Lekaroz herrian egin nahi dute, baztandarren borondatearen aurka. Inposatutako proiektu urbanistikoa da, eraikuntza enpresa handien etekina besterik bilatzen ez duena. Luxuzko hotela, golf-zelaia eta 200 etxebizitza baino gehiago hartzen ditu bere baitan. Obra honek beste herri baten sorrera ekarriko luke, herrian dagoen ur eskasiaren arazoa areagotuko litzateke, landa eremua suntsituko luke, eta turismoak edota zerbitzu publikoen kudeaketak okerrera egingo luke. Bailarari eta bertako bizilagunei ondorio negatiboak ekarriko dizkien proiektua da, baliabide naturalak babestu eta baztandarren bizitzak hobetzeko garapen iraunkorreko ereduaren aldeko apustua izan beharrean. Horregatik, Aroztegiako proiektuak ingurumenean eta jendartean duen eragina salatzen du sindikatuak.

2021eko apirilean Lekarozen obrak geldiarazteko egin zen kanpaldiagatik zazpi herritarrei hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dizkiete guztira. Talde kriminal antolatu bat izatea eta bortxa delitu larriak leporatzen zaizkie. Inposizioari desobedientziarekin erantzuteagatik etorri dela zigor eskaera salatu dute auzipetuek. Otsaileko lehen astean da epaiketa egitekoa.

Bederatzi urte daramatzate baztandarrek proiektu honen kontra egiten. Nafarroako Gobernuak proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuen 2015ean Yolanda Barcinaren eskutik, hauteskundeetarako 5 egun falta zirela. Tresna horren bidez, Baztango Udalak zituen hirigintzako konpetentziak bertan behera gelditu ziren eremu honetan, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetan geratu ziren. Orain udalak ez du erabakitzerik, oraindik ere indarrean baitago UGEPa.

Nafarroako Gobernuari dagokio proiektua behin betiko geldiarazteko erantzukizuna, beraz UGEPa bertan behera uzteko exijitzen du ELAk. Eta proiektua gaitzetsi eta auzipetuen absoluzioa eskatzeko deitu den manifestazioa babesten du sindikatuak.

Proiektua eta herritarren kontrako oldarraldia gaitzetsi eta otsailaren 1ean, Iruñean, epaitegietatik 16:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du ELAk .