Arrazoi gehiago behar al dugu AHT gelditzeko? Ba, egon badaude! (iritzia)

2011/09/30

Zenbait urtez ibili gara azaltzen zergatik ELA ez dagoen ados Abiadura Handiko Trenarekin (AHT). Obra horrek ez ditu beteko biztanleen mugigarritasun-beharrizanak, ezta salgaiak garraiatzeko beharrizanak ere. Herritar gutxik erabili ahal izango du, geltokiak hiriburuetan baitaude, eta txartela oso garestia izango baita. Ingurumenean eragiten den kaltea atzeraezina da. Baserritarrei lurrak desjabetu dizkiete; hortaz, euren betiko bizimodua eta ogibidea zailagotu da. Ez dira arrazoi horiek nahikoak funtsik gabeko makro-obra hori gelditzeko?

 

Ba, arrazoi gehiago dago. Obra horren kudeaketa ez da batere gardena. ELAtik jarraipen zorrotza egiten diegu obra horretako lan- eta segurtasun-baldintzei. Eusko Legebiltzarrak onetsi zuen ebazpen baten arabera Administrazio Publikoak kontratatzen dituen obretan sindikatuei sarbidea erraztuko zaie, eta orain dela aste batzuk arte ez digute sartzen utzi. Ebazpen horrek, halaber, administrazio publikoa premiatzen du neurriak hartzera, eraikuntza-enpresek hitzarmenen baldintzak errespeta ditzaten. Hori ere ez da betetzen, badaude langileak, 12 orduko lanaldiak izanik, 2 eta 6 bitarteko euro orduko kobratzen dutenak; eta laneko segurtasun- eta osasun-arauak, oinarrizkoak, ez dira betetzen.

 

Enpresek ez dituzte hitzarmenak errespetatzen, eta ez administrazioak, ez Lan Ikuskaritzak, ez dute ezer egiten. Oso irregulartasun larriak ikusita dauzkagu: langile askok ez dute kaskorik janzten, ez eskularrurik, ezta arnesik ere. Langile horietako asko atzerritarrak dira, eta ez zaie aplikatzen dagokien Eraikuntzaren eta Obra Publikoen Hitzarmena. Horiek dira, hain zuzen, segurtasunik eza gehien pairatu dutenak, zeren AHTren obretan bost hildakoetatik lau atzerritarrak ziren. Hitzarmena aplikatu gabe eta baldintza onartezinetan kontratatzeari “dumping soziala” esaten zaio. ELAk prozedura hori salatu du, zapalkuntza baita langilea horrelako baldintzetan kontratatzea, eta sektore osoa prekarizazio-bidean jartzen baitu. Egoera horretatik onura ateratzen duten bakarrak enpresak dira.

 

Administrazio publikoak ere badu bere erantzukizuna, AHTren obrei dagokienez. Eusko Jaurlaritzaren helburua, AHT onetsi zuenetik, obraren aurkako edozein ekintza kriminalizatzea izan da. Adibiderik garbiena Herrizaingo Sailaren jokabidea izan da 2009ko urtarrileko Urbinako mobilizazioan. ELAk salatua zituen lehenagotik Herrizaingo Sailaren jarraibideak, non AHTren aurkako edozein protesta ekintza terroristatzat jotzen baitzen. Urrian sei lagun epaituko dituzte, 2 eta 4 bitarteko espetxe-zigorretarako eskaerak dituztela. ELAk bat egiten du epaituriko lagunekin, eta aske uzteko eskatzen dugu.