MUGIKORTASUN PLANAK

Basauriko Sidenorren langileen partehartzearekin mugikortasun plan bat aurrera eramateko ekimenean parte hartu du ELAk

Basauriko Sidenorren langileen partehartzearekin mugikortasun plan bat aurrera eramateko ekimenean parte hartu du ELAk
Mugikortasun planak derrigorrezkoak dira 200 langiletik gorako enpresentzat, baina enpresaren geldotasunaren aurrean, ekologistok eta sindikatuok aurrea hartu dugu.

Lanerako mugikortasuna eguneroko mugikortasunaren %25 da. Lanera joateko mugikortasuna murriztea, mugikortasuna murrizteko lehentasunezko neurria da. Garraioa berotegi efektuko gas gehien igortzen dituen sektorea dela kontuan hartuta, klima aldaketa geldiarazteko lehentasunezko neurria da. Horrez gain, kutsadura mailak hobetzen ditu eta, ondorioz, pertsonen osasuna hobetzen du. Airearen kalitate txarrak gaixotasun kronikoak eta garapenean arazoak eragiten ditu. Urtean gertatzen diren heriotzen ia %10 airearen kutsadurarekin zerikusia duten arrazoiek eragiten dituzte. Horiek izan behar dute agintari guztien lehentasuna.

ELAn lanerako mugikortasuna eta mugikortasun planak lehentasuna dira trantsizio ekosozialerako gure proposamenaren barruan. Eta horregatik, negoziazio kolektiboan txertatzen ari gara. Lan horren adibide da Sidenorren (Basauri) Sagarrak talde ekologistarekin, ESKrekin eta LABekin batera egindako lana.

Inkesta bat egin da, datu bidez baieztatzeko langile gehienak beren autoan eta banaka joaten direla lanera. Horrek eragina du lanera joateko gastuetan, bai eta ingurumenean ere, eta ez dator bat indarrean dagoen legediarekin.

Lanera joateko moduari buruzko informazioa jaso da, mugikorrean bete duten formulario baten bidez. 2026ko maiatzaren 5etik ekainaren 5era artean hartu dira datuak eta 485 erantzun lortu dira, langileen %48k eta azpikontratatuen %19k erantzun dute.

Galdetutako pertsonen %76k auto propioa erabiltzen du lanera joateko, %9k trena, %3 oinez doa, %3 auto partekatuan, %2 motorrean, %1 metroan eta beste %1 enpresaren autobusean doa. Autobus publikoa, bizikleta eta patinetea ez dira %1era iristen hiruren artean. Bakarkako autoan datozen 370 lagunetatik %60 (221 pertsona) prest daude garraiobidea aldatzeko lanera etortzeko, enpresaren aldetik pizgarri ekonomikoa badu. Beraz, Sidenorren ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko aukera handia dago, baldin eta enpresak neurriak hartzeko borondatea badu, Mugikortasun Jasangarriaren Legeak agintzen duen bezala. ELAk aldaketa horiek bultzatzen jarraituko dugu Sidenorren eta gainerako enpresetan.