BEG emisioen errekor berria Madrilgo COP25 bezperan

2019/12/02
Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) txosten berri bat argitaratu du azaroaren 25ean, berotegi efektuko gasen (BEG) mailak aurrekaririk gabeko errekor berri batera iritsi direla ohartaraziz. Horrek esan nahi du etorkizuneko belaunaldiek klima aldaketaren ondorio gero eta larriagoei aurre egin beharko dietela, hala nola tenperaturen igoera, fenomeno meteorologiko muturrekoagoak, estres hidriko handiagoa, itsas mailaren igoera eta itsasoko eta lurreko ekosistemen alterazioa. Hau ez da ezer berria, iaz errekor hau hautsi izanaz ohartarazten zuten, eta aurten gainditu egin dugu berriro.

Txosten honek erakutsi duenez, karbono dioxidoaren munduko batez besteko kontzentrazioa 407,8 zati milioiko (ppm) izan zen 2018an, 2017an 405,5 ppmkoa izan ondoren. 2017tik 2018ra gertatu zen CO2aren hazkundea 2016tik 2017ra ikusitakoaren oso antzekoa izan zen. Munduko CO2aren mailek gainditu egin zuten 2015ean 400 ppm muga sinboliko eta garrantzitsua.

Ez dago zantzurik atmosferan berotegi efektuko gasen kontzentrazioa motelduko denik, eta are gutxiago gutxituko denik, klima aldaketari buruzko Parisko Akordioaren arabera hartutako konpromisoak ikusita.

Gogoan izan behar da duela 3 eta 5 milioi urte artean gertatu zela Lurrean CO2 kontzentrazio konparagarria. Orduan, tenperatura 2-3 ° C beroagoa zen eta itsasoaren maila egungoa baino 10-20 metro altuagoa.

Ez da aurreikusten munduko BEG emisioak 2030era arte hazteari utziko diotenik, are gutxiago 2020rako, baldin eta politika klimatikoak eta nazio mailan zehaztutako ekarpenen egungo anbizio mailak mantentzen badira. Munduko klima aldaketari buruzko ikerketaren esparruan aritzen diren erakunde nagusien lanari esker egindako “United in Science” txostenean berotze globalaren arazoa konpontzeko adostutako helburuen eta errealitatearen arteko desberdintasuna gero eta handiagoa dela azpimarratu zen.

MMEren txostenaren ondorioek norabide argia markatzen digute, PNUMAko (Nazio Batuen Ingurumenerako Programa) zuzendari exekutiboak ere hala dio: "Garai kritiko honetan, isurketak murrizteko neurriak areagotu eta ekintza zehatzak egin behar ditugu, egoera zail baten aurrean gaude: gaur behar ditugun eraldaketa erradikalei ekin diezaiekegu, edo klima aldaketak erabat aldatutako planeta baten ondorioei aurre egin beharko diegu".

PNUMAk azaroaren 26an emisio eta konpromezuen arteko desberdintasunari buruz argitaratutako hamargarren txostenaren arabera, berotegi efektuko gasen munduko emisioak % 7,6 murriztu behar dira 2020 eta 2030 urteen artean, Parisko Akordioaren helburua betetzeko, hau da, berotze globala industria aurreko garaiarekiko 1,5 ºCtan kokatzea. Horrek esan nahi du egungo ahaleginak boskoiztu egin behar direla, herrialdeen egungo murrizketa konpromisoek 3,2 ºCko gehikuntza baitakarte. Estatuen konpromisoen arteko desberdintasuna eta egoeraren larritasuna agerian geratuko dira abenduaren 2tik 13ra Madrilen egingo den COP25ean. Munduko gobernu ugarik deitu dute larrialdi klimatikoko egoera, baina inork ez du sistema aldatzeko konpromisorik hartzen.