Bergarako pirolisi instalakuntza zabaltzeko asmoa bertan behera uzteko eskatu du ELAk, “ezkutuko erraustegia” delako

2021/11/17
Eusko Jaurlaritzak iragarri du hondakin industrialak kudeatzeko hainbat instalazio egingo direla. Horien artean dago paper hondakinak kudeatzeko pirolisi instalakuntza bat, Bergaran kokatuko dena. ELAren iritziz, “ezkutuko erraustegi bat” izango da, paper fabriketako hondakinak birziklatu edo beste modu batera tratatu beharrean, erre egingo dituztelako, eta urtean 155.000 tona erre ahal izanen dira (Zubietako erraustegiak 200.000 tona erretzeko gaitasuna du).

Horrelako instalazioek ez dute lekurik gaur egun sufritzen dugun krisi klimatiko eta ekologikoan. Alternatiba hondakinak gutxitzean datza: ekoizpenean neurriak hartu behar dira horrenbeste hondakin ez sortzeko. Industria politika ekonomia zirkularra bultzatzean oinarritu beharko litzateke, baina oraingo industria politikak ez du ekoizpenean eraldaketarik planteatzen, bultzatzen duen bakarra internazionalizazioa eta fiskaltasuna jaistea da, onartezina dena ELArentzat, eta Bergarako instalazioa ere bide beretik doa.

Are larriagoa da, ahal bada, Zaldibarko zabortegia behera etorri ondoren hondakin industrialentzat eman den lehen aukera erraustegi bat izatea; Europako ingurumen eta hondakin politiken guztiz aurka doa. Arantxa Tapia Glasgowko COP26 goi bileran izan da klima aldaketaren aurkako jarrera adieraztera. Hemen, aldiz, larrialdi klimatiko eta ekologikoa areagotuko duen instalazio bat bultzatzen ari da.

Gainera, ELAk proiektu honen berri komunikabideen bidez izan du. Beti bezala, Eusko Jaurlaritza ezkutuan jokatzen du informazioa ematerakoan, eta medioak erabiltzen ditu propaganda egiteko.

Era berean, erraustegiak, baita Bergaran iragarritako pirolisi instalazioa ere, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak dira. Horregatik, herritarrek azaldu duten kezkarekin eta kontrako jarrerarekin bat egiten du sindikatuak, eta Bergarako erraustegia geldiarazteko mobilizazioetan parte hartuko du ELAk.

Horregatik guztiagatik, Bergaran jarri nahi den ezkutuko erraustegia bertan behera uztea eta ekonomia zirkularrean oinarritutako industria politika ezartzea eskatzen du ELAk.