ESAKO URTEGIA

Beste 56 milioi gastatuko direla iragarri ondoren, segurtasun bermeak betetzen ez dituen Esako urtegiko obra geldiarazteko eskatu du ELAk

2025/07/01
ELAk Esako urtegiko obra behin betiko gelditzeko eskatu du, urtegitik behera bizi diren herritarrentzat arrisku larria delako. Urtegiaren bideragarritasunari buruz nazioarteko estandarren arabera egindako txosten teknikoek adierazten dutenez, presari eusten dion eskuineko hegalaren segurtasun faktorea ez da nahikoa eragindako eremuko populazioaren babesa bermatzeko.

Urtegiko eskuineko hegalaren ezegonkortasunak eta Lasaitasuna urbanizazioan agertutako pitzadurek ehun bat etxebizitza hustea eta ondoren nahitaez desjabetzea ekarri zuten 2013an, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako jarduketek ez dute lortu hegal horren mugimendua gelditzea. Beraz, Zangoza edo Galipientzu herrietan bizi diren ehunka pertsonen bizitza arriskuan jartzen duen obra da.

Gainera, 2025eko maiatzean, 56 milioi euro gehiago iragarri ziren urtegia handitzen jarraitzeko, eta horri gehitu behar zaizkio dagoeneko gastatu diren 380 milioi euroak eta aurreikusita dauden beste 60 milioi euroak. Hori bereziki larria da, kontuan hartuta hasierako obra 113 milioi eurotan aurreikusi zela, hasierako aurrekontua laukoizten duen desbideratzea suposatuz. Urtegia handitzeko obraren lehen harria 2001ean jarri zen, eta 2006rako obraren amaiera proiektatu zen. Gaur egun, 2025ean, eraikitzeko epea berriro luzatzea planteatzen da, gutxienez 2029ra arte.

ELAk salatu du diru publikoa xahutu dela Esako urtegia handitzean, batez ere Esako UTEari egiten baitio mesede. Espainiako enpresa handiek osatzen dute UTE hori, hala nola FCCk, ACSk eta Ferrovialek. ELAk proiektua gelditzea eta diru hori bertako jendearentzat onura ekarriko duen proiektu bideragarrietara bideratzea eskatu du. ELArentzat, onartezina da herritarren segurtasuna jokoan jartzea, eta diru publikoaren kopuru izugarriak porrot egin duen proiektu batera bideratzea salatu du.