Azkoitian beste zabortegi bat irekitzeko baimena eman da, sekretismo osoz

Aldizkari Ofizialaren arabera, baimendutako instalazioak 200.000 tona hondakin ez arriskutsu (baita industrialak ere) jaso ahalko ditu urtero eta 36.000 m2 izango ditu. Material ez arriskutsua sailkatu eta berrerabiltzeko helburua du, baita berrerabili ezin daitekeena bertan pilatzeko ere. Hau da, zabortegia ere izango da. Baina proiektuan hondakin arriskutsuak pilatzeko etxola bat ere aipatzen da. Udalak garbigune bezala saldu nahi du, baina dagoen informazio urriaren arabera, edozer jaso dezakeen zabortegi bezala bukatu dezake. Zaldibarren gertatu zen bezala.
Hondakin ezberdinak sailkatu eta berrerabilketarako prestatzeko instalazioak ekonomia zirkularraren parte izan behar dira, baina beti ere funtzionatzeko irizpidea ahaliketa gehien berrerabiltzea baldin bada. Kasu honetan, urtean 200.000 tona jasotzeko instalazio batez ari gara, hondakin arriskutsuak gordetzeko instalazio bat eta zabortegi bat ere hartzen dituena, beraz ekonomia zirkularretik urrun dagoen proiektu bat dela ondoriozta dezakegu.
Bestalde, ELAk, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak izan duten transparentzia falta salatu nahi du. Zaldibarren gertatutakoa oraindik argitu gabe eta bi langilek hondakinen azpian jarraitzen duten bitartean, hondakin arriskutsuentzat tokia duen beste zabortegi bat irekitzekotan dira. Gizarteak hondakinen gaiaren inguruan arreta piztuta duela jakinik eta gai honetan izan duten kudeaketa salgarria ezagun izanik, prozesu osoa isilpean eraman dute. Inongo informaziorik eman gabe, beraien izaeraren parte den transparentziarik gabe.
Zabortegi honen aurrean, orain arte bezala jarraituko du ELAk, kontrola eta transparentzi exijitzen, eta benetako ekonomia zirkularraren eta industria politika jasangarriago baten aldarria egiten. Beste Zaldibar bat ireki ez dadin.