BIZI! eta ELA elkarlanean ari gara justizia sozial eta klimatikoaren alde (iritzia)

2012/06/14

Bizik, Iparraldeko talde ekologistak, eta ELAk, Nazio Batuek antolatutako Rio+20 Konferentziaren harira, ekainean zehar, jardunaldi ezberdinak antolatu ditugu elkarlanean. 20 urteren ondoren, Nazio Batuen goi bilera ofizialerako aurreikusten den gai zerrendan “ekonomia berdea” deritzana da ildo nagusia. Hau da, sistema ekonomiko berdinarekin jarraitzea baina itxura berdea emanez, ezer aldatu gabe azken finean. Negozioa egiteko beste aukera bat multinazional handientzat. Ekoizpen eta kontsumo eredu kapitalistak eragin duen eta planetak eta bertan bizi garenok sufritzen dugun krisi globalari aurre egiteko irtenbidea ez da hau.

Elkarlanaren helburua berdez mozorrotu nahi duten kapitalismoaren makinaria ankerrari aurre egitea eta benetako justizia soziala lortzea da. Horretarako proposamen eta alternatiba berriekin egin behar dugu aurrera. Alternatiba hauek “Justizia Soziala eta Ingurumen Justiziaren aldeko Herrien Goi Bileran” aztertuko dira eta han izango gara. Bertan gizarte mugimendu eta izaera ezberdineko hainbat eragilek parte hartuko dugu. Pertsonen eta ingurumenaren arteko oreka berreskuratzea ahalbideratuko duten alternatibak bilatu eta exijituko ditugu. Badaude alternatibak eta orain da momentua hauek martxan jartzeko, bestela beranduegi izango da denontzat. Berandu baino lehen. Bizik eta ELAk, mundu osoko beste eragile, sare eta erakunde askorekin batera, “Gure eskubide eta ingurumenaren eskubideen defentsan, eta bizitzaren merkantilizazioaren eta kapitalismoa berdez margotzearen aurka” ondorengo puntuetan oinarritzen den manifestua sinatu dugu:

  • Herrien Asanblada honen helburua, iraunkorra ez den garapen eredu hau zabaltzeari aurre egiten diotenen ahotsak entzutea da. Garapen eredu jasan ezin honetan gutxi batzuen irabaziak gehiengoaren ongizatearen gainetik daude, merkatua bizitzaren gainetik jartzen du.

  • Sufritzen dugun krisi mundialak izaera ekonomiko, sozial, eta ingurumenekoa du, sistemikoa da beraz. Honen aurrean gobernuen aldetik dagoen erantzun egoki ezak eta enpresa multinazionalek negoziazio multilateralen gainean duten botereak, espazio berri hau sortzeko beharra dakar. Espazio propio bat, anitza, demokratikoa eta autonomoa izango dena eta mezu indartsua bidaliko duena.

  • RIO+20 konferentzia ofiziala soluzio faltsuen jaia izango da, kapitalismoa berdez janztea ezer aldatu gabe, eta horren aurrean benetako irtenbideak bilatzea izango da Herrien Goi-bileraren erronka. Irtenbide hauek jada eraikitzen ari gara herrietan, lantokietan, auzoetan edota eskoletan.

  • Gure erronka Herrien Goibileran ekonomia eta gizarte justu eta ekitatibo bat eratzea izango da, kapitalismotik urrun eta ingurumenarekin oreka mantenduz.

Manifestu hau sinatzeaz gain, Ekainaren 5ean, ingurumenaren nazioarteko egunean, “Ekonomia Berdea? Irabazi handiak ingurumenaren kontura” jardunaldiak antolatu ziren Bilbon, bertan ELA eta Biziko kideen azalpenez gain Yayo Herrero eta Esther Vivasek sistema aldaketaren beharraz eta ekonomia berdearen arriskuez hitz egin zuten. Arratsaldean jardunaldiak Baionan jarraitu zuen Genevienne Azam ATTACeko kidearen hitzaldiarekin. Bestalde, ekainaren 20a, “Justizia sozial eta klimatikoaren aldeko” mundu mailako mobilizazio eguna izan da eta mundu osoan egin dira jarduerak. ELAk eta Bizik Miarritzeko eta Bilboko mobilizazioez gain, Riokoan ere parte hartu dute.

Pertsonen eta ingurumenaren arteko oreka berreskuratzea ahalbideratuko duten alternatibak exijitzen jarraituko dugu Rioko bileraren ondoren ere. Badaudelako alternatibak eta orain delako momentua hauek martxan jartzeko eta sistema aldatzeko, bestela beranduegi izango da denontzat.