EKOFEMINISMOA

Bizitzak erdigunean jarriz, ekofeminismotik ere azaroak 30ean greba orokorra!

2023/11/09
Ingurumen gaiak jorratzen ditugunean, ingurumenarein estu lotutako arazoez jabetzeaz gain, lurra interes ekonomikoen, politikoen eta pribilegiatutako klaseen eskuetan dagoela ikusten dugu. Hau da, kapitalismoaren eskuetan. Feminismoak ordea emakumeen mendekotasuna erakusten du sistema patriarkal batean. Bi menpekotasun mota dira, lotura handia dutenak. Ezinezkoa da sistema kapitalista bat existitzea sistema patriarkalik gabe.

Natura mundu osoan neurriz kanpo ustiatzeak eragin handia izan du, eta arriskuan jarri du biziaren iraupena. Ekintza sendoak egin behar dira egungo klima egoerari aurre egiteko eta etorkizun iraunkorrerantz aurrera egiteko. Historikoki, mundu osoko emakume, nekazari eta indigenek erakutsi digute genero desberdintasuneko eta injustizia globaleko harremanek sortzen duten menderatze eta botere kultura, naturaren eta gainerako izaki bizidunen ustiapena eragiten duen kultura bera dela. Salaketek eta ekintzek adierazten digute, ikuspegi ekofeminista desberdinetatik, gizarte aldaketa sakona behar dela, bizitza bere osotasunean erdigunean jarriko duena.

Ekologismoa eta feminismoa ez dira hain desberdinak, badituzte ezaugarriak komunean. Borroka feminista eta ekologistak begiratuz, eredu desberdin baterantz nola joan gaitezkeen modu integralagoan ikus dezakegu. Ekologismoak eta feminismoak bat egiten dute ekoizpenari egindako kritikan, hazkunde ekonomikoari egindakoan eta garapenari egindakoan, eta bat egiten dute eguneroko bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta ekonomiaren aldeko apustuan.

Ekofeminismoak bizimodu ekozida, patriarkalaren, kapitalistaren eta kolonialaren eredua aztertzen ditu, pertsonak eta planeta arriskuan nola jartzen dituen salatzen du, eta alternatibak proposatzen ditu bizitzaren aurkako oldarraldi horri aurre egiteko.

Yayo Herrerok dioen bezala, errealitate toxiko eta jasanezin hau eraldatzeko, ekonomiaren eta politikaren arloan erabateko berrantolaketa eman behar da, pertsonen arteko eta naturarekiko lotura hautsiak berrantolatzeko. Horregatik, azaroaren 30ean, ekofeminismoa ere greba orokor feministan egongo da!