Cancungo COP16a: inoiz baino okerrago (iritzia)

2011/01/19

2010eko abenduan Nazio Batuen erakundeak klima aldaketari aurre egiteko bilera egin zuen Cancunen, COP16a. Bilera hauek urtero egiten dira eta zoritxarrez urtero antzeko emaitza izaten dute. 2009an Kophenageko COP15ean berotegi efektuko gasen murrizketen akordio loteslea sinatu behar zen arren, ez zen horrela izan eta Mexikoko hitzordurarte luzatu zuten prozesua. Baina COP16an ere ez da horrelakorik gertatu.

Baina zergatik hainbeste desadostasun emisioen murrizketan eta ez karbono merkatuaren funtzionamenduan adibidez? Erantzuna tristea bezain argia da, gai hau negozio bihurtu da eta gutxi batzuentzat irabaziak suposatzen duten puntuetan adostasuna lortzea erraza da, ez ordea gizarte osoaren onura ekartzen duten gaietan.

Mexikoko goi-bileran enpresa handiak eta kapitala izan dira baldintzak jarri dituztenak eta gobernuetako ordezkariek men egin diete, benetan beharrezkoak diren murrizketa konpromisoak alde batera utziz eta soluzio faltsu eta kaltegarrien apustua eginez.

Herrialde aberatsenetako gobernuek, Europar Batasuna barne, ez dute egoerak eskatzen duen ardurarik izan. Klima aldaketaren sortzaile diren gasen murrizketarako akordio lotesleari uko egin diote. Eta denak berdin jarraitzeko mekanismoak bultzatzea dute helburu: biokonbustibleak, teknologia berdea, karbono merkatuak, REDD programa (ez deforestatzeagatik konpentsazioa),…

Askotan entzuten da horrelako bileren atarian hobe dela akordiorik ez egotea, akordio txar bat baino. COP16aren ondoren inoiz baino arrazoi gehiago dute hitzok.

COP16a botere borroka desorekatua izan da. Krisi ekonomikoa eragin duten indar ekonomiko eta politiko berberak ingurumen krisia ere eragin dute. Langileria eta gutxien duten gizataldek dira murrizketa politikak gehien sufritzen dituztenak, eta eskubide sozial eta laboralen murrizketa politika hauek inposatu digutenek klima aldaketaren gaia agenda sozialetik desagertu dela aprobetxatu nahi dute krisi ekologikoa areagotuko duten politikak bultzatzeko, eta bide batez orain arte publikoak ziren eremuetatik negozioa ateratzeko.

Baina hauek duten indarra handi den arren, goi bilera honetatik kanpo geratu diren indar alternatibo ugari bildu da Cancunen benetako alternatibak zeintzuk diren azaltzeko eta boterea dutenen aurrean aldarrikapena egiteko. Benetako alternatibak hitz gutxitan bildu daitezke: berotegi efektuko gasen benetako murrizketa, energia berriztagarrien erabilera, elikadura burujabetza, klima aldaketaren eraginak sufritzen ari direnei laguntza ematea, garapen justu bat bultzatzea eta soluzio faltsu eta kaltegarri guztiak bertan behera uztea. Ezin bestekoa da daukagun produkzio eta kontsumo eredua guztiz aldatzea.

COP16 honetan gertatu denak guztioi eragiten digu: krisi ekologikoa, ekonomikoa, finantzarioa eta soziala berdinaren parte direlako eta planetaren mugen kontra talka ez egiteko borondate politikoa falta delako. Horregatik une honetan garrantzitsua da inposatu nahi dizkiguten politika bidegabe eta konponbide faltsuen aurka denok elkartzea, nahiz pentsio eta lan erreforma izan, zein klima aldaketari aurre egiteko neurriak izan. Sindikalismoa ezin da borroka honetatik kanpo geratu.